Itxi

Ebola

Osasun kontseilariak barkamena eskatu die Romerori eta haren senarrari

Erredakzioa

Javier Limonek gutun bat bidali zion kontseilariari dimititzeko eskatuz, eta bere emaztea kutsatu zenetik egindako adierazpenak gogoratuz.

Javier Rodriguez, Madrilgo Osasun kontseilaria, orain dela gutxi egindako irudia batean. EFE

Javier Rodriguez Madrileko Erkidegoko Osasun kontseilariak "barkamena" eskatu dio Teresa Romero ebolak kutsatutako erizain laguntzaileari eta Javier Limon haren senarrari egindako "adierazpen desegokiengatik", eta adierazi du ulertzen duela Limonek bidalitako gutuna, dimititzeko eskatuz.

Rodriguez Javier Limonekin hitz egiten saiatu da gaur, asteartea, eta, ezin izan duenez, eskutitz bat bidali dio, Efek baieztatu ahal izan duenez.

Gutunean, kontseilariak barkamena eskatu dio eta ziurtatu egin du ez zuela gaixoa iraintzeko asmorik. "Badakit une gogorrak direla zuretzat; hori dela eta, ulertzen dut nire hitzak are gogorragoak egin zaizkizuela. Nire asmoa ez zen pairatzen ari zareten mina areagotzea", gutunaren arabera.

Atzo, Javier Limonek gutun bat bidali zion kontseilariari, familiaren lagun baten bidez, dimititzeko eskatuz, eta bere emaztea kutsatu zenetik zenbait unetan egindako adierazpenak gogoratuz.

"Osasun kontseilari gisa, baina mediku naizen heinean ere bai, nire konpromisoa pertsonen osasun ona bermatzea da; ez izan zalantzarik nire nahia Teresa osatzea dela. Hori da nire lehentasuna une honetan, eta horretan dihardut", gaineratu du.

Kontseilariak berretsi duenez, Teresa Romero osatzea eta aztertzen ari diren pertsonek egoera horretatik "lehenbailehen" atera ahal izatea da garrantzitsuena.

 

 

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)