Bilera Bruselan
EBk bidaiarien datuak partekatuko ditu ebolari aurre egiteko
Erredakzioa
Gainera, birusaren agerraldiak dauden herrialde afrikarretan indartu egingo dituzte aireportuetako kontrol neurriak.
Europar Batasunak (EB) ebola birusaren agerraldiak dauden herrialde afrikarretan (Liberia, Sierra Leona eta Ginea Conakry) aireportuetako kontrol neurriak indartzea eta bertatik EBra iristen diren bidaiarien datuak elkartrukatzea adostu du, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak jakitera eman duenez.
"Lehenik, kaltetutako herrialdeetako irteera kontrolak berrikusi eta indartuko ditugu", adierazi du EBko Osasun ministroek Bruselan egin duten bileraren ostean.
Era berean, "informazio gehiago emango diegu bidaiariei", eta "bestelako protokolo komunak jarriko ditugu abian bidaiarien datuak gordetzeko".
Besteak beste, formulario mota bat adostuko omen dute, bidaiarien jarraipena egin ahal izateko, eta Europar Batasunera iritsi eta lehenengo 21 egunetan, gaixotasuna agertzeko epearen barruan, bidaiariak lokalizatu ahal izateko.
Ministro espainiarraren ustez, garrantzitsuena da "estatuek informazioa elkartrukatuko dutela". Gaitzak kaltetutako herrialdeetatik Europar Batasunean lur hartzen duten bidaiari guztien datuak hartuko dituzte, eta estatuen artean partekatuko dituzte.
Matok jakinarazi duenez, oraindik ez dira ados jarri tenperatura kontrolak egitearen inguruan.