Urtebete desagertuta
Pablo Egiluz: 'Belgikak gehiago egin dezake Hodei aurkitzeko'
Erredakzioa
Desagertutako gazte galdakoztarraren aita Anberesera joango da, eta ikerketarako baliabide eta inplikazio gehiago eskatuko dizkio hiriko alkateari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Belgikako Gobernuak eta Poliziak Hodei aurkitzeko "gehiago egin dezakete", Pablo Egiluz gazte galdakoztarraren aitak nabarmendu duenez.
"Ikertzen ari den polizia-taldeak ahal izan duen guztia egin du, zituen errekurtsoak kontuan hartuta, baina Belgikako Poliziak eta Gobernuak gauza gehiago egin ditzaketela uste dut", azpimarratu du orain urtebete desagertutako gaztearen aitak Galdakaon eskaini duen prentsaurrekoan.
Anberesera joan bezperatan agerraldi publikoa egin du Pablo Egiluzek, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea eta Koldo Ezkerra Hodei Bila plataformako bozeramailea ondoan zituela. Desagertutako gaztearen senitarteko eta lagunak Belgikako hirira joango dira asteburuan, Bart de Wever Anberesko alkatearekin biltzera eta Galdakaoko gaztea gogoan hartzeko ekitaldietan parte hartzera.
Pablo Egiluzek nabarmendu duenez, "Anberesko arduradun politikoa den aldetik, Hodeiren desagertzearen arduradun politikoa ere bada alkatea, eta semea topatzeko harea-alea baino, harea-kamioia ekarri beharko luke".
Arrasto berririk gabe
Hodeiren aitak argitu duenez, familiak 10.000 euroko diru-saria eskaini duen arren, ez dute arrasto berririk.
"Desagertutako edozein pertsonak bezala, Hodeik bilatua izateko eskubidea du; Belgikako Poliziak ikerketa ona egiteko eskubidea du", aldarrikatu du.
Ibon Uribe Galdakaoko alkatea ere Pablo Egiluzen uste berekoa dela agertu du; haren hitzetan, baliabide gehiago edukitzeak Hodei Egiluz aurkitzeko bidea erraztuko luke.
Koldo Ezkerra Hodei Bila plataformako kideak azaldu duenez, astelehenean egingo dute Hodeiren omenezko azken elkarretaratzea, baina elkarteak gaztea aurkitzeko lanean jarraituko du.