Nafarroan eta Aragoin
Esako urtegian arrakala gehiago agertu direla salatu dute
Erredakzioa
Egoeraren larritasun maila 'erabatekoa' dela ohartarazi dute Esa + Ez eta Aragoi Ibaia elkarteek. Aditu eta teknikari independentez osatutako batzorde bat osatzea eskatu dute, egoera aztertzeko.
Esako urtegiaren eskuineko hegalean pitzadura berriak agertu direla salatu dute Esa + Ez eta Aragoi Ibaia kolektiboek. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (EKH) duela hiru hilabete txosten bat eman zuen argitara, egindako premiazko lanen ondorioz, eskuin hegaleko lur-mugimendua gelditzea lortu zutela esanez.
Salaketa egin duten bi elkarteok agiri batean adierazi dutenez, aipatutako lanek 25 milioi euroko kostua izan zuten. Urriaren 10ean urtegia ia erdiraino hustu zuten.
Ebroko Konfederazioa "berriro gezurretan" ari dela nabarmendu dute. "2006an zazpi hilabetez gorde zuen ezkutuan Melida magalaren lur-mugimendua, urtegiaren ezkerraldean. 2013an eskuineko hegalean agertu ziren pitzadurak aitortzerako zortzi hilabete igaro ziren", gogorarazi dute. Eta oraingoan ere, aurrekoetan bezala, arrakalak herritarrek salatu dituztela azpimarratu dute.
Egoeraren larritasun maila "erabatekoa" dela esan dute Esa + Ez eta Aragoi Ibaia elkarteek. Konfederazioaren "gardentasun eta gaitasun eza" salatu dute. Asteazkenean, EKHko presidenteak esan zuen lur-mugimenduak geldiarazi zituztela eta hormari eusteko eraikitzen ari diren prentsa berriak inguruari segurtasuna ekarriko diola.