Itxi

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza Sailak 275 plaza eskainiko ditu 2 lan eskaintza publikotan

Erredakzioa

Hezkuntzako mahai sektorialaren bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren eskaintza ez dela nahikoa adierazi dute sindikatuek.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua. EiTB

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 275 irakasle plaza eskainiko ditu 2014 eta 2015eko lan eskaintza publikoetan, Espainiako Gobernuak baimendutako "gehienezko kopurua".

Hala jakinarazi die Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak sindikatuei, gaur egin den hezkuntzako mahai sektorialaren bileran. Halaber, lan eskaintza publikorako deialdiak prestatzeko kontuan izan diren eduki guztien berri eman die Jaurlaritzak sindikatuei.

Hezkuntza Sailak ohar bidez azaldu duenez, eskainiko diren plaza guztiak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat izango dira. Jaurlaritzak ezin direla lanpostu gehiago eskaini nabarmendu du, Espainiako Gobernuaren helegiteak eragozteko "berme eta segurtasun juridikoz" jokatu behar dela argudiatuta.

275 plazako zifra hori, "sisteman gertatu diren bajen eta alten arteko aldeari Espainiako Gobernuak ezartzen duen portzentajea aplikatuta lortzen den emaitza da".

Edozein kasutan, 2015ean aldi berean egingo diren lan eskaintza publikoak albiste ona direla azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak. Horren esanetan, "275 lagunek lan finkoa eskuratzeko duten aukerak irakurketa positiboa izan dezakeela soilik. Prozesuak egonkortasun handiagoa emango dio sistemari, eta ondorioz, kalitate handiagoa ekarriko du".

Mahai sektorialaren bileraren ondotik, Eusko Jaurlaritzaren eskaintza ez dela nahikoa adierazi dute sindikatuek.

CCOO sindikatuen arabera, Jaurlaritzak eskainitako plaza kopurua "irrigarria" da, ez dituelako sistemaren "benetako beharrak" estaltzen.

UGTk lan eskaintza publikoa sindikatuekin negoziatzea eskatu dio Jaurlaritzari.

LABek, berriz, lanpostuak suntsitzen ari direla salatu du erretiroa hartzen dutenak baino langile gutxiago sartuko direlako.

Albisteak (1)