Itxi

herri ekimen legegilea

Jaurlaritzak ez du oztopatuko frackingari buruzko herri ekimena

Erredakzioa

Eztabaida Legebiltzarrera eramatea "egokia" dela uste du Jaurlaritzak, baina arlo horretako eskuduntza Estatuarena dela ohartarazi du.

Fracking EITB

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Gasteizko Gobernuak ez du "oztopatuko" frackingari buruzko herri ekimen legegilea, eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramatea "egokia" dela uste baitu. Dena dela, arlo hori erregulatzea Estatuari dagokiola ohartarazi du.

Erkorekak azaldu duenez, "komeni da Eusko Legebiltzarrak herri ekimenaren edukia aztertzea eta eztabaidari heltzea, kontu honek eztabaida sozial handia sortu duelako".

Nolanahi ere, Kantabriak eta Errioxak frackinga debekatu zuela eta, ondoren, Auzitegi Konstituzionalak lege horiek bertan behera utzi zituela gogorarazi du Erkorekak. Izan ere, Estatuak baino ezin du erabaki frackinga debekatu edo ez.

Erkorekak ez du argitu zein den Eusko Jaurlaritzak frackingaren aurrean duen jarrera. "Jaurlaritza ingurumena zaintzearen aldekoa da", esan du.

Bigarren aldia da Fracking Ez plataforma Eusko Legebiltzarrera herri ekimen legegile bat eramaten saiatu dena. Lur azpitik gasa ateratzeko teknika hori debekatzea du helburu.

EAEn ez dira frackinga erabiltzen hasi, baina baimenak emanda daudela gogorarazi du plataformak.

Frackinga edo haustura hidraulikoa presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko eta gas naturala erauzteko teknika bat da.

Fracking Ez plataformaren esanetan, hainbat ikerketak erakutsi egin dute teknika honek kutsadura sor dezakeela lur azpiko uretan, eta ondorioz osasun arazoak sor daitezkeela gizakien eta animalien artean.

Albisteak (3)