Carlos III ospitalea, Madril
Boluntario nafarrak ebolaren sintomarik azaleratu gabe jarraitzen du
Erredakzioa
Bestalde, Teresa Romero artatu zuen mediku eta erizainen taldeko inor ez da kutsatu, zaintza bereziko epea gaur bukatu ostean ondorioztatu dutenez.
Malitik Espainiaratutako boluntario nafarrak zaintzapean jarraitzen du Madrilgo Carlos III ospitalean, ebolaren sintomarik azaleratu gabe, osasun arloko zenbait iturrik jakinarazi dutenez.
Nafarroako boluntarioa (Mugarik Gabeko Medikuak gorbenuz kanpoko erakundeko kidea) aipatutako ospitaleko seigarren solairuan dago, mediku talde berezi batek aztertuta, eta 21 egun igaro beharko ditu bertan.
Diotenez, ezin diote probarik egin ebolaz kutsatuta ote dagoen zehazteko, harik eta sintomarik agertu arte; orain arte egin duten bezala.
Egungo egoeran, boluntarioa ez da eria, gaixotasunik ez duelako (ez du inolako sintomarik; esate baterako, sukarrik), baina arrisku handiko harremana izan du ebolarekin.
Romero artatu zutenak, salbu
Teresa Romero erizain laguntzailea artatu zuen mediku taldeko inor ez da ebolaz kutsatu, badaezpada ezarritako epea gaur bukatu ostean baieztatu ahal izan dutenez. Madrilgo Carlos III ospitaletik zabaldu dutenez, ehun baino gehiago dira zaintza berezian izandako lagunak.
Romerok ospitalean eman zuen 30 egunetan, ehun pertsonak baino gehiagok artatu zuten; tartean, medikuak, erizainak, laguntzaileak, jagoleak eta garbitzaileak izan ziren.
Horiek denak zaintzapean izan dira edo badaude oraindik; hau da, egunean bi aldiz deitu dituzte badaezpada, 21 egun iraun duen prebentzio epean, sukarrik eta ondoezik ote duten zehazteko.