Itxi

A-25 elkarrizketak

'Genero indarkeria ezin da espektakulu bihurtu'

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio irakaslearen ustez, hedabideen konpromiso aktiboa ezinbestekoa da emakumeen kontrako indarkeria gainditzen laguntzeko.

Pilar Rodriguez irakasle eta genero indarkerian aditua.

"Hedabideek diskurtso berria dute eta horrek gizartearen interesa piztu eta agenda politika aldatzen lagundu du, horren lekuko azkenaldian egin diren lege erreformak", hala onartu du Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakasle eta genero indarkeria hedabideetan aditua denak. Hala ere, bide luzea dago egiteke. Atzean utzi ditugu "pasiozko krimena" edo "nirea zelako hil nuen" bezalako esamoldeak, baina gaur gaurkoz, indarkeria matxistari buruzko informazioa ematean saihestu beharreko "tikak" atzematen ditu Rodriguezek.

Hala, gaia ikuspegi sentsazionalista batetik jorratzen duenik bada, "apurka-apurka desagertzen ari den arren". Aditu honen arabera, "genero indarkeria ezin da espektakulu bihurtu, sentsazionalismoak ez duelako informazioa aberasten, are, narriatu egiten du, topiko eta estereotipoak baino ez dituelako ematen". Hori horrela, deskribapen morbosoak alde batera utzi behar dira eta irudi gogorrak saihestu.

Tratamiento de la violencia de género en la prensa vasca (2006) liburuaren egilearen ustez, biktimaren inguruko datu larregi jakinarazten dituzte hedabideek: "izena, lanbidea edota nazionalitatea", eta bien bitartean, erasotzailea edo hiltzailea anonimatuan uzten dute. Gizonaren portaera zuritzeko argudioak ere arbuiagarriak dira, Rodriguezen esanetan. "Ezin da esan txartu txarrak edo hilketa obsesionatuta, jeloskor edo maiteminduta zegoelako egin zuela", agertu du irakasleak.

Genero indarkeria kasuen inguruko informazioa bilatzean, iturri egokiak bilatzea ezinbestekoa dela uste du aditu gipuzkoarrak. "Mutiko ona da edo jelosiak jotako pertsona ona da" moduko erasotzailearen hurbileko lagunen testigantzak saihestu behar dituzte hedabideek eta biktima "erasoaren arduradun" bilakatzen duten iturriak baztertu. "Indarkeria emakumeak eragindakoa dela iradoki dezakeen edozein aipamen" arbuiatzekoa da, Rodriguezen aburuz.

Deustuko irakasle honen ustez, hedabideek paper garrantzitsua dute genero indarkeriaren aurkako borrokan, eta erredakzioen eta profesionalen espezializazioa eta konpromiso aktiboa bultzatu behar direla azpimarratu du. Rodriguezen hitzetan, "gizartearen zati handi batek hedabideen bitartez bakarrik du genero indarkeriaren berri eta, hortaz, indarkeria hori desagerrarazteko bidean, emakume eta gizonen parte-hartzea bultzatuko duen informazioa eman behar dute komunikabideek".

Hala, gutxienez bi norabidetan lan egiteko gomendioa eman die Rodriguezek hedabide eta kazetariei: batetik, emakumeen inguruko "irudi positiboak" eskaintzea, gizartearen argazki errealistago bat emateko, eta bestetik, hilketa jakin batetik edo data seinalatu batetik haratago, "gogoeta editorial eta iritzi-artikuluetan zabaltzea".