Itxi

Noos auzia

Cristina infantarentzat 8 urteko zigorra eskatuko du Manos Limpiasek

Erredakzioa

Bi delitu fiskal egiteko beharrezko laguntzaile izan zela uste du sindikatuak, eta delitu bakoitzeko lau urteko espetxe-zigorra eskatuko du.

Infantarentzat zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du Manos Limpiasek.

Manos Limpias sindikatuak, Noos auzian herri-akusazioa denak, zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu du Cristina infantarentzat, bi delitu fiskal egiteko beharrezko laguntzaile izan zela iritzita. Epaileari aurkeztuko dion kalifikazio idazkian ageri denez, infantaren papera ezinbestekoa izan zen Iñaki Urdangarinek 2007. eta 2008. urteetan PFEZ zergan 337.138 euroko iruzurra egiteko.

Abenduaren 3a eta 9a bitartean aurkeztuko du idatzia Manos Limpiasek, eta horrenbestez, Palmako dukesaretzat espetxe-zigorra eskatuko duen akusazio bakarra izango da.

Zortzi urteko zigorra (lau urte delitu bakoitzeko) eskatzeko, infantaren jokabidean astungarria antzeman du sindikatuak: Aizoon elkartea eratu izana zerga betebeharrak ezkutatzeko.

Cristina infanta Aizoon elkarteko bazkide izanda, haren senarrak enpresa 'pantaila' gisa erabili zuen kontseilari zen beste enpresa batzuetan lortutako irabaziak bertan fakturatzeko eta zerga gutxiago ordaintzeko, betiere Manos Limpiasek aurkeztuko duen idazkiaren arabera.

Sindikatuen arabera, Noos Institutuak lortutako funtsak (5,9 milioi euro) bideratzeko erabiltzen zuten Aizoon enpresa.

Erabakia, epailearen esku

Manos Limpiasen kalifikazio-idazkia eskuan, Infantari Botin doktrina aplikatzen dion edo ez erabaki beharko du Castro epaileak. Hau da, erregearen arreba akusatuen aulkian jesartzen duen edo auzia artxibatzen duen. Izan ere, bankari ezagunaren auzian ezarritako doktrinaren arabera, ezin da inor epaitu herri-akusazioak bakarrik akusatzen badu. Infantaren kasuan, Fiskaltzak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak ez dizkiote Cristinari inongo deliturik egotzi.

Albisteak (3)