Itxi

Eustaten txostena

Gazteen % 24k unibertsitate-ikasketak egin dituzte EAEn

Erredakzioa

Guztira 318.000 pertsonak (% 16,2) dute goi mailako unibertsitate prestakuntza, 2013ko datuetan oinarrituta Eustatek egindako txostenaren arabera.

Nafarroako unibertsitatea

EAEn, hamar urte eta gehiagoko pertsonen % 24k, 472.000k, goi-ertain edo goi mailako unibertsitate ikasketak dituzte, Eustaten datuen arabera.

Guztira 318.000 pertsonak dituzte goi mailako unibertsitate ikasketak (% 16,2), 2013. urteko datuetan oinarrituta Eustatek egindako txostenaren arabera. 2011ko datuekin alderatuta, datu horrek % 0,4 egin du gora epe horretan.

2013an, hamar urte eta gehiagoko biztanleen % 0,4 analfabetoak ziren: gizonen % 0,3 eta emakumeen %0,6.

Ikasketa mailen arteko aldeak, lurraldez lurralde aztertuta, txikiak dira. Bigarren mailako ikasketak dituzten herritarren kopuru handiena, ehunekotan aztertuz gero, Arabakoa da: % 22,6. EAE osoko datua % 21,5ekoa da.

Bizkaian unibertsitate ikasketak dituztenak % 24,8 dira (EAEn baino % 0,8 gutxiago). Gipuzkoan, Lanbide Heziketa egin dute herritarren % 17,9k (EAEn baino % 1,1 gehiago).

Lanbide Heziketan ikasketak egin dituztenen kopuruak gora egin du; 2011n herritarren % 15,6k zituzten ikasketa horiek, eta 2013an % 15,9ra igo da datua. Horrelako titulu bat atera dutenen artean, gizonezkoak (% 19) emakumezkoak (% 13,1) baino gehiago dira. Lanbide Heziketan, hiru titulutik bi goi mailakoak dira.

Herritarren % 19,8k du unibertsitate mailako tituluren bat Bizkaian; % 17,8k, Gipuzkoan, eta % 17,1ek, Araban. Bigarren mailako ikasketei dagokienez, datuak ehunekoei erreparatuta alderatuz gero, Araban daude maila horretako tituludun gehien: % 20,3. Gipuzkoan biztanleen % 19,5ek du horrelako tituluren bat, eta biztanleek % 19,1ek, berriz, Bizkaian. Lanbide Heziketako tituludunen ehunekorik handiena Gipuzkoakoa da (% 17,1), Arabakoa (% 16,1) eta Bizkaikoa (% 15,2) baino handiagoa baita.