Itxi

Laguntza Justuagoak plataforma

Laguntza sozialak murrizteko ekimena erregistratu dute Legebiltzarrean

Erredakzioa

Legegintzako herri-ekimenak Marotoren aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu. Besteak beste, legez kanpoko etorkinak laguntza sozialetatik kanpo uztea.

Ekimen legebiltzarrean aurkeztu duten unea. Argazkia: EFE

Laguntza justuagoak plataformak Javier Maroto Gasteizko alkateak bultzatutako Legegintzako herri-ekimena erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horrek diru-sarrerak bermatzeko errenta aldatzea eskatzen du, besteak beste, legez kanpoko etorkinak horietatik kanpo uzteko.

Marotok eta Alderdi Popularreko Iñaki Oyarzabal legebiltzarkideak Legebiltzarreko atean hartu dituzte plataformako kideak. Laguntza sozialak erregulatzen dituen legea aldatzeko alkateak defendatu dituen ideia asko jasotzen ditu herri-ekimenak.

Hala ere, testuak zenbait aldaketa ere proposatu ditu. Marotok defendatzen duenaren arabera, laguntza jasotzen dutenei debekatu egin beharko litzaieke jasotzen duten dirua euren herrietara bidali ahal izatea. Plataformaren proposamena haratago doa, eta dirua Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzea debekatu nahi du.

Eskatzaileak legezko bizilekua izatea ere eskatzen du plataformak. Ondorioz, legez kanpoko etorkinek ezingo lukete diru-sarrerak bermatzeko errentarik jaso. Dena dela, hainbat salbuespen aurreikusi ditu.

Plataformak ondorengo proposamena ere egin du: eskatzaileak gutxienez 5 urte, eskaera egin aurreko hamar urteetan, eraman behar ditu EAEn bizitzen. Baldintza hori betetzen ez dutenek, laguntza eskatu ahal izango lukete urte betez EAEn bizi direla eta bost urtez ordaindutako lan-bizitza izan dutela bermatuz gero. Tratu txarrak jaso dituztenek eta pentsio publikoa jasotzen dutenek ez dute baldintza hori bete beharrik.

Plataformaren testuaren arabera, ohiko bizitoki bat dutela frogatu ahal dutenek soilik jaso ahal izango lituzkete laguntzak. Laguntza jasotzeko aukera baztertzen die ondorengoei: terrorismoarengatik, hilketarengatik, lesio-delituengatik, tratu-txarrengatik edo sexu-askatasunaren aurkako erasoengatik aurrekari penalak dituztenak.

Laguntzak jasotzen dituztenek gizartearen aldeko lanak egitea ere jasotzen du plataformak aurkeztu duen ekimenak. Energiarekin lotutako fakturei aurre egiten ezin dieten pentsiodunei gehigarria ematea aurreikusten du, baina Marotok aipatutako 50 euroei ez die aipamenik egiten.

Ekimenak orain 30.000 sinadura behar ditu legebiltzarrean izapidetzen hasi ahal izateko. Dena dela, Legebiltzarreko Mahaia izango da izapidetzea egin edo ez erabakiko duena.

Albisteak (3)