Itxi

Noos auzia

Zer da Botin doktrina eta zelan eragin diezaioke Cristina infantari?

Erredakzioa

Bankaria ez epaitzeko Gorenak erabilitako doktrina erabili edo ez erabaki beharko du Castro epaileak.

Cristina infanta.

Cristina Borboikoa Noos auzian inputatu izanak ez du esan nahi halabeharrez infanta epaitu egingo dutenik. Auzitegi Gorenak herri-akusazioen jardunean emandako bi doktrina gakoak izan daitezke auzi honetan: Botin doktrina eta Atutxa doktrina.

Kredituen lagapenen auzian Santander Bankuko presidentearen aurkako epaiketa bertan behera uztea erabaki Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia babestu zuen 2007an Gorenak. Instrukzio garaia bukatuta, herri-akusazioak ez beste salatzaileek auzia artxibatzea eskatzen badute, prozesuak ezin du aurrera egin.

Infantaren kasuan, Manos Limpias herri-akusazioak bakarrik eskatu du epaitzea, eta, beraz, doktrina hori aplikatuz gero, ez da akusatuen aulkian eseriko. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak infantari Botin doktrina aplikatzea eskatu du.

Baina Atutxa doktrina ere erabil dezakete. Kasu horretan, gerta daiteke herri-akusazioarekin bakarrik aurrera egitea, epaileak delituaren izaera interes kolektiboaren aurkakoa dela irizten badio.

Horri helduta zigortu zuten Eusko Legebiltzarreko presidente ohia, desobedientzia delitua leporatuta, interes kolektiboa zegoelako jokoan, nahiz eta Manos Limpias elkarteak bakarrik babestu akusazioa.

Infantari delitu fiskala eta kapitala zuritzea egotzi dio epaileak. Hain justu, Jose Castrok erabaki behar du delitu partikularrak edo kolektiboak diren. Atutxa edo Botin doktrinen arteko hautua egin behar du. Orduan jakingo dugu, epe motzean, infantak Iñaki Urdangarinen bide bera egingo duen ala ez.