Itxi

Elkarrizketa

Ertzaintzak antolatutako taldeen kontra borrokatzea eskatu du

Erredakzioa

ETAren presentziak Euskadin indarkeria terrorista zabaltzea eragotzi du, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko buruaren arabera.

Artxiboko irudia: EiTB

Maite Salaberria Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko buruaren iritziz, antolatutako taldeen asentamenduen kontra borrokatu behar da eta ETAren existentziak talde horiek Euskadin gehiago zabaltzea eragotzi duela gaineratu du.

Ertzaintzaren lanari buruzko estatistika datuak ere eman ditu: homizidio kasuen % 90 ebazten ditu, sexu-erasoen % 70 eta etxebizitzetan gertatuko lapurreten % 30.

Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Salaberriak nabarmendu du delituen munduan 90eko hamarkadaz geroztik aldaketak gertatzen ari direla mugen deuseztearekin, Europar Batasunean pertsonen eta ibilgailuen zirkulazio librearekin, globalizazioarekin, batez ere, ekonomikoarekin; eta teknologia berriekin.

Ildo horretan, azpimarratu du Poliziek eta Justiziak sarean lan egin behar dutela, Poliziaren eta Justiziaren arteko lankidetza hitzarmenen bitartez, eta gaineratu du beharrezkoa dela "guztiek bat eginda" borroka egitea antolatutako taldeen asentamenduei aurre egiteko.

Azaldu duenez, delitugintza etengabe eboluzionatzen ari da eta gizarte, politika edo egitura aldaketetara egokitzen da, hain zuzen ere, haren helburua delitutik bizitzen jarraitzea delako, hori delako haren bizitzeko modua, haren biziraupena finantzatzen duena.

Azken bi urteetan Euskadin egindako delitu kopurua jaitsi egin bada ere, etxebizitzetako lapurretak "pixkat bat igo" egin direla azaldu du Maite Salaberriak eta horrek alarma soziala sortzen duela aitortu du, "hiritarraren intimitatean muturra sartzen dutelako".

Euskal Autonomia Erkidegoan ohikoenak diren delituak hutsegiteak eta delitu arinak dira; hala nola, kalteak, lesioak, estafak edo iruzurrak. "Gero, jarraipen berezia egiten diegun delituak daude, garrantzia gehiago dutela uste dugulako edo gizartean alarma handiagoa eragiten dutelako, baina ez dira ugarienak", gaineratu du.

Albisteak (4)