Urteurrena
Borja Lazaro bilatzen jarraitzeko eskatu du haren familiak
Erredakzioa
Urtebete igaro da argazkilari gasteiztarra Kolonbia desagertu zenetik. Horren harian, familiak elkarretaratzea deitu du datorren ostegunerako Gasteizko Posta plazan.
Borja Lazaro gazte gasteiztarraren desagerpenaren ikerketari eusteko, elkarretaratzea deitu du haren familiak datorren ostegunerako, hilak 8, Gasteizko Posta plazan. Borja bilatzen jarraitzeko eskatu nahi dute senitartekoek.
Gaztearen omenez eta familiari babesa eskaintzeko elkarretaratzea 'Zure zain gaude, Borja' lelopean egin dute, arratsaldeko 19:30ean, Gasteizko Posta plazan.
Lazarok, ingeniariak eta argazkilariak, Hegoamerikatik bidaia luzeari ekin zion 2013ko urriaren 6an. Gabonak Bogotan igaro zituen, lagun batzuekin, eta ondoren Cabo de la Velara jo zuen, aurretik egindako argazki-erreportaje bat bertara eramateko asmoz.
Urtebete berririk gabe
Urtarrilaren 7 eta 8 bitartean ostatutik desagertu zen, "arrazoi barik, eta inolako arrastrorik utzi gabe", familiak ohar baten bidez gogora ekarri duenez. Berririk gabe hainbat egun eman ostean, familiak salaketa jarri zuen Ertzaintzan, eta Kolonbiako Poliziarekin eta Interpolekin hasi ziren lanean.
Kolonbiako Poliziak Pujuru ostatuan utzitako armairu miatu zuen, eta haren objektu pertsonalak aurkitu zituen, tartean, ordenagailua, argazki-kamera, arropa, dokumentazioa, txartelak eta dirua. Kolonbiako Poliziak, berriz, Borjaren bilaketa lanak abiatu zituen: kartelak banatu zituen, lekuak miatu, eta zantzuren baten ordainean dirua eskaini zuen. Hala ere, orain arte ez dute emaitzik lortu.
Lazaroren familiak herritarren laguntza eskatu du. "Norbaitek zer edo zer jakin beharko du, zer edo zer entzun edo ikusi behar izan du, ezinezkoa baita pertsona bat horrela desagertzea, eta inork ezer ez jakitea", esan dute senitartekoek.
Halaber, "Borjaz ez ahaztea" eta kasua ikertzen jarraitzea eskatu dio Kolonbiako Poliziari, eta Espainiako agintariei "Kolonbiako Enbaxadarekin eta kontsularekin harreman zuzenagoa" izateko eskatu die. "Gazte espainiar bat desagertu da Kolonbian, eta erakunde horiek ezin diote horri muzin egin", adierazi dute.
adierazi dute.