Atentatua Parisen
Nazioarteak 'Charlie Hebdo' aldizkariaren kontrako erasoa gaitzetsi du
Erredakzioa
Nazioarteko agintari nagusiek gogor gaitzetsi dute Frantziako aldizkari satiriko baten kontrako atentatua. Erasoan, gutxienez 12 pertsona hil dira.
Munduko hainbat txokotako gobernu eta erakundeek, Parisen, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontra izandako atentatua gogor gaitzetsi dute. Erasoan, gutxienez 12 pertsona hil dira.
Hiru kaputxadun aldizkari satirikoaren Pariseko erredakzioan sartu dira, kalashnikov fusilak eskuan zituztela, eta tiroka hasi dira. Aipaturiko aldizkariak iraganean mehatxuak jasan zituen Mahomaren karikaturak argitaratzeagatik. Gaurko atentatuan hildako pertsonen artean daude Stephane Charbonnier aldizkariko zuzendaria eta hiru marrazkilari ezagun: Cabu, Tignous eta Wolinski.
Atentatuaren tokitik bertatik egin ditu adierazpenak François Hollande Frantziako presidenteak eta adierazi du "inolako zalantzarik gabe, gaurkoa atentatu terrorista bat" izan dela. Horren aurrean, elkartuta egoteko deia egin die frantziarrei "inork ezin baitu Frantzian Errepublikaren baloreen kontra egin". Frantzian bertan, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohi eta oposizioko buruak ere "errepublikako oinarrizko eskubideetako baten kontra", adierazpen askatasunaren kontra, egindako atentatu "basatia" gaitzetsi du. Gainera, Hollanderen Gobernua "erreserbarik gabe" babestuko duela zin egin du, baina terrorismoaren kontrako neurri gogorrak eskatu ditu. Bestalde, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruak ere gogor gaitzetsi du Parisen bihotzean jazotako "atentatu gorrotagarria" eta doluminak eman dizkie hildakoei eta zaurituei.
Nazioarte mailan, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak gaitzespen ugari eragin ditu.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentearen esanetan, gaurko erasoa "onartezina" da . "Europako herritarrak eta gizakiak garen heinean, denoi eragiten digun sarraskia da".
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, atentatua gaitzetsi du, eta "adierazpen eta prentsa askatasunaren" aurkako erasotzat jo du, "gizarte demokratikoaren bi oinarri horien aurkako erasoa" izan dela iritzita.
David Cameron lehen ministro britainiarrak atentatua gaitzetsi du eta gainera, prentsa askatasuna defendatu du. Azpimarratu duenez, Erresuma Batua Frantziaren ondoan egongo da terrorismoaren kontrako borrokan.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta, terrorismoaren mehatxuaren kontrako borrokan, lankidetzan jarraitzeko gogoa berretsi du.
Europako beste buruzagietako batek, Matteo Renzi Italiako lehen ministroa sinetsita dago biolentziak askatasunaren kontra galdu egingo duela eta, aldi berean, Pariseko hilketagatik izua eta atsekabea adierazi du.
Ildo beretik mintzatu da Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia ere eta gertaturikoa "ekintza basati eta prentsa askatasunaren kontrako eraso toleraezina" dela salatu du.
Etxe Zuriak "ahalik eta modu indartsuenean" gaitzetsi du atentatua. "Frantziako agintariekin elkarlanean aritzeko prest gaude, ikerketan laguntzeko xedearekin", adierazi dute bertatik.
Sameh Shukri Egiptoko Atzerri ministroak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta terrorismoarekin amaitzeko nazioarteko indarrek bat egitea eskatu du. "Terrrorismoa nazioarteko fenomenoa da eta horren helburuak munduko segurtasuna eta egonkortasuna dira", gaineratu du.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere gaitzetsi du tiroketa, eta "elkartasuna" eta "atsekabea" adierazi die frantziarrei. Gaur arratsaldean bilera egingo dute terrorismoaren aurka aritzen diren taldeetako agintariek, Madrilen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministerioak deituta.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak premiazko bilera batera deitu ditu terrorismoaren kontrako borrokako arduradun nagusiak atentatua aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzak ere atentatua gaitzetsi du eta "basati eta krudel" gisa jo ditu. "Mina, sufrimendua eta suntsipena soilik dakartzan fanatismoaren adierazpenik txarrena da", adierazi du. Gaineratu duenez, "bizitzarako eta askatasunerako eskubidearen kontrako eraso zuzena da, gizateriaren pilare nagusienetako bi direnen kontrakoa", hain zuzen ere.
hain zuzen ere.