Atentatua Parisen
Polizia operazio zabala Frantzia iparraldean susmagarriak atxilotzeko
Erredakzioa
Sarraskiaren ustezko egile materialak, 32 eta 34 urteko bi anaia, Paris ipar-ekialdean aurkitu dituzte, armatuta, eta milaka polizia daude han atez ate ustezko erasotzaileak bilatzen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontrako atentatuaren ustezko egileak, Cherif eta Said Kouachi anaiak (32 eta 34 urte), Paris ipar-ekialdean, Aisne eskualdean eta Belgikatik gertu, ikusi dituzte, Le Parisien egunkariak berri eman duenez.
"Bi susmagarriak armatuta ikusi dituzte Aisnen", jakinarazi du kazetak. Informazio horren arabera, gasolina-zerbitzugune batetik gertu ikusi dituzte, Parisko noranzkoan, Renault Clio markako auto zuri batean. Biek ala biek burua estalita zeramaten.
Kuachi anaiek gasolindegi bat lapurtu dute, tokiko hedabideen arabera. Izan ere, gasolindegi horretako jabeak eman du abisua.
Kalashnikov bat eta suziri-jaurtitzaile bat izan dute eskuetan, ikerketaren iturriek aditzera eman dutenez.
'Le Point' egunkariaren arabera, bi anaiek erregaia eta elikagaiak lapurtu dituzte, Parisko noranzkoan ihes egin aurretik.
Hortaz, polizia operatibo berezia martxan jarri dute, bi susmagarriak atxilotzeko asmoz.
Horrez gain, Frantziako Poliziak "hainbat pertsona" atxilotu ditu bart, atentatuarekin zerikusirik dutelakoan, Manuel Valls lehen ministroak baieztatu duenez, baina ez du zehaztu ez zenbat diren ez zer-nolako lotura duten horrekin. Herrialde horretako hedabideen arabera, bederatzi pertsona atxilotu dituzte.
Vallsen esanetan, "Zerbitzu Sekretuek aurretik ezagutzen zituzten" bi susmagarriak, azaldu du. Zaintza horrek kale egin duen galdetu diote kazetariek, eta Vallsek hori "galdera zilegia" dela eta "ikertu" egingo dutela aurreratu du.
Liberation egunkariak azaldu duenez, atxilotutakoak gizonezkoak zein emakumezkoak dira, susmagarri nagusien gertukoak, eta "prebentzio neurri gisa" atzeman dituzte.
Lehen ministroaren iragarpena heldu baino lehen, susmagarrietako batek bere burua entregatu duela jakin da. Hain zuzen ere, 18 urteko mutil bat da polizia-etxera joan dena Charleville-Mezieres herrian, Belgikako mugatik gertu. Atentatuaren egileei ihes egiten laguntzea egotzi dio Poliziak. Antza denez, gazteak errugabea dela esan du, eta bere izena sare sozialetan ikusi duelako erabaki duela entregatzea.
Ihes eginda dauden beste bi susmagarriek armak izan ditzaketela eta "arriskutsuak" direla ohartarazi die Frantziako Poliziak herritarrei.
Segurtasun Indarrek horien izenak eta argazkiak publikatu dituzte, eta atxilotzeko baliagarria izan litekeen edozein informazio helarazteko deia egin dute.
Metronews egunkariaren arabera, Cherif Kouachi epaitu egin zuten 2005. urtean, Irakera jihadistak bidaltzen zituen talde bateko kide izateagatik. Dozena bat gazte bidali zituen herrialde horretara, borroka egitera. Orduan, hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.
Frantziako Gobernuak alerta maila gorena ezarri du, eta 3.000 polizia baino gehiago mobilizatu ditu, bi susmagarriak atxilotzeko.
'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontrako atentatuan hildako 12 lagunak gogoan izan ditu gaur Frantziak.
Molotov koktelak autoan
Bi susmagarriek erasoan erabili zuten autoa utzi egin zuten atzo, eta Poliziak hainbat molotov koktela eta Estatu Islamikoaren bandera bat aurkitu zituzten barruan, Le Monde-k jakitera eman duenez.
Egunkariak polizia iturriak aipatuta azaldu duenez, segurtasun indarrek hamar molotov koktel, Estatu Islamikoaren bandera bat, bandera beltz bat eta Kalashnikov kargagailu bat aurkitu zituzten.
Gainera, susmagarrietako batek autoan ahaztuta utzi zuen nortasun agiria izan da susmagarriak identifikatzeko laguntza handiena.
Manifestazioa, igandean
Frantziako alderdi politikoek eta elkarte zibilek manifestazioa antolatu dute iganderako Parisen Charlie Hebdoren kontrako erasoa salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.
Ikusteko dago UMPk eta Fronte Nazionalak parte hartuko ote duten. Bestalde, Frantziako Gurtza Musulmanaren Kontseiluak manifestazioan parte hartzeko deia egin die fededun guztiei.
Europako eta AEBko segurtasun arduradunen goi-bilera
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak iragarri du terrorismoak gehien kaltetzen dituen Europako estatuetako eta AEBetako segurtasun arduradunen goi-bilera egingo dutela igandean, Parisen.
"Ekimena hartu eta datorren iganderako deitu ditut terrorismoak gehien kaltetutako estatuetako ordezkariak, Dimitris Avramopoulos komisario europarra, Gilles de Kerchove EBren terrorismoaren kontrako koordinatzailea, eta Eric Holder eta Jeh Johnson AEBetako Justizia eta Barne ministroak", azaldu du.
Cazeneuveren arabera, Frantziarekiko elkartasuna eta terrorismoaren gaitzespena izango dira bileraren ideia nagusiak, baina "komunean" dituzten "erronkei" erantzuna ematen ere saiatuko omen dira.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak dagoeneko baieztatu du goi-bileran izango dela, Thomas de Maiziere Alemaniakoak bezalaxe.
Estatu Islamikoak "heroi"tzat jo ditu
Estatu Islamikoa talde jihadistak "heroi"tzat jo ditu atzoko atentatuaren egileak, irratian duen Al Bayan izeneko saioan.
Pariseko atzoko erasoaren albisteak ireki du buletina, eta esatariak honakoa adierazi du: "Charlie Hebdo aldizkari frantziarrean lan egiten zuten hamabi kazetari hil eta beste hamar zauritu zituzten atzo borrokalari heroiek, eta guztia Mahoma profetaren alde".
Zauritutako polizietako bat, Ziburukoa
Ipar Euskal Herriko udalerri garrantzitsuenetan ere atentatua gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur, eta gogorarazi behar da atzo zauritutako polizietako bat 35 urteko Ziburuko gizonezko bat dela.
Isilunea biktimen omenez
Minutu bateko isilunearekin omendu dituzte, eguerdian, herrialdearen hiri eta herri gehienetan deitutako elkarretaratzeetan. Izan ere, herrialdean "dolu-egun nazionala" da gaurkoa.
Parisen, Notre Dame katedralaren kanpaiek 12:00ak jo dituztenean hasi dira ekitaldiak.
Francois Hollande Frantziako presidentea, Bernard Cazeneuve Barne ministroa lagun zuela, Pariseko Prefekturan egindako elkarretaratzean izan da. Errepublika plazan, hiriaren erdialdean, ehunka lagun bildu dira gaur.
Frantziako Tolosan oso jendetsua izan da bilkura, milaka lagun batu dira deialdirik gabeko elkarretaratzean eta Marsellesa kantatuz bukatu dute.