Itxi

Polizia-operazioa

Lau lagun atxilotu dituzte jihadismoarekin zerikusia dutelakoan

Erredakzioa

Bi Katalunian atxilotu dituzte, eta beste bi, Melillan, Irak eta Siriako Estatu Islamikoa talde terroristarentzat ekintzaileak errekrutatzea egotzita.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lau lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Gironan, Bartzelonan eta Melillan, Espainiako Estatuan Irak eta Siriako Estatu Islamikoa talde terroristarentzat ekintzailea errekrutatzea egotzita, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak zuzendu dute operazioa. Atxiloketak egiteaz gain, hainbat miaketa egin ditu Guardia Zibilak Katalunian atxilotutakoen etxeetan, Sant Vicenç dels Horts (Bartzelona) eta Sant Feliu de Guixols (Girona) herrietan, hain justu.

Melillan atxilotuei Internet bidez "jihadisten talde terroristen, batez ere Irak eta Siriako Estatu Islamikoa izenekoaren, propaganda mezuak" zabaltzeko plataformak sortzea eta kudeatzea egotzi diete. 1.000 jarraitzaile izatera heldu zen Facebookeko talde bat kudeatzea ere leporatu diete. Horrez gain, talde horretan ekintzaile gisa aritzeko, emakumeak errekrutatzen zituzten bi lagunek, Barne Ministerioaren arabera.

Sareko lana egiteaz gain, ekintzaile izateko prest zeudenekin biltzen ziren, talde horren doktrina zabaltzeko bideoak erakusteko. Gatazka eremuetan ekintzaile gisa aritzeko errekrutatzen zituzten, eta, ikerketaren arabera, gazte batzuk bidaia hori egiteko lanak prestatzen hasita zeuden.

Katalunian atxilo hartutakoek Melillan atzemandako bi lagunekin zituzten harremanak ikertzen ari da Guardia Zibila. Iturri horien arabera, Gironan eta Bartzelonan atxilotutakoak "jihadismoaren alde" ari ziren, eta Melillatik kudeatzen zuten Facebookeko taldearen jarraitzaile ziren.

Albisteak (2)

Bideoak (1)