Itxi

Tragedia Mediterraneoan

EBk egitasmo bat iragarri du immigrazioaren dramari aurre egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Europar Batasuneko estatuetako eta gobernuetako buruek goi-bilera egingo dute datorren ostegunean, legez-kanpoko immigrazioa eta Mediterraneoaren egoera aztertzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europako erakundeak mobilizatu egin dira gaur Mediterraneoko legez-kanpoko immigrazioaren dramari erantzun zehatza eta berehalakoa emateko asmoz. Hori horrela, Europako Batzordeak proposamen egitasmo bat eta ostegunean egingo den goi-bilera iragarri dituzte.

Arazoaren larritasunak premiazko bilera bat eginarazi die gaur Europar Batasuneko Atzerri eta Barne ministroei, eta amaieran iragarri dute egitasmoa adostu dutela, eta osteguneko goi-bileran EBko buruzagiei aurkeztuko dietela.

Egitasmo horretan hamar neurri proposatzen dituzte, Mediterraneoko itsaso zaintzako operazioei, Tritoni eta Poseidoni, diru eta baliabide gehiago ematea, eta jardun eremua zabaltzea, besteak beste.

Era berean, "trafikatzaileek erabiltzen dituzten ontziak bilatzeko eta suntsitzeko esfortzua indartzea" proposatzen dute. Horretarako, operazio "zibila eta militarra" egitea galdegin dute, piraten kontra Somalia inguruan egiten dutenaren antzekoa, Dimitris Avramopoulos Immigrazio komisarioak azaldu duenez.

Goi-bilera, ostegunean

Europar Batasuneko (EB) gobernuburuek eta estatuburuek goi-bilera egingo dute ostegunean legez kanpoko immigrazioaz hitz egiteko eta Mediterraneoko egoera aztertzeko, Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak gaur iragarri duenez.

“Egoera dramatikoa da Mediterraneoan. Ezin du horrela jarraitu. Europara heltzeko saiakeran itsasoa gurutzatzen ari diren ehunka pertsona hiltzea ezin dugu onartu”, esan du Tuskek bideo batean,Youtuben.

Iragan asteburuan ia 700 etorkin zeramatzan arrantza-ontzi bat hondoratu zen Mediterraneoan; 950 pertsona, bizirik atera zen baten testigantzaren arabera. Italiako Kostaldera heltzen saiatzen ari ziren. Immigrazioaren arazoa Europar Batasunaren mahai gainean jarri du berriro gertakariak.

Europako buruzagien ezohiko bileraren helburua “guk Estatu kide eta erakunde bezala, egoera berehala arintzeko egin ahal duguna eta egin behar duguna eztabaidatzea da”, Tuskek erantsi duenez.

Trafikatzaileen aurkako borroka

Tusken hitzetan, “dirua zinikoki irabazteko etorkinen bizitza arriskuan jartzen duten” trafikatzaileak geldiarazteko modua “premiaz” aztertu behar dute.

Europako Kontseiluko presidentearen ahotan, Europako herrialde “kaltedunei” laguntzeko era aztertu beharko dute EBko agintariek. Era berean, lankidetza nola areagotu adostu beharko dute.

Luxenburgon, “Europar Batasuneko Atzerri eta Barne ministroak gaur eztabaidatzen ari direnetik abiatuko da osteguneko Europako Kontseilua”, gaineratu du Tuskek.

Goi-bilera prestatzeko Europako Batzordearekin, Federica Mogherinirekin eta Letoniako txandakako presidentetzarekin bilera bat eskatu duela azaldu du Europako Kontseiluaren presidenteak.

Albisteak (5)

Bideoak (6)