Itxi

Auzitegi-Medikuntza Institutua

Sexu erasoak gero eta bortitzagoak dira, AMEIren arabera

Agentziak | Erredakzioa

Eraso horien kopuruak % 20 egin du gora, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren 2014ko Memorian jasotzen denez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Sexu erasoak gero eta ugariagoak eta bortitzagoak dira, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) 2014ko memorian jasotzen denez. Zehazki, erasoen kopuruak % 20 egin zuen gora iaz, 242 salaketa izan baitziren.

Txosten horren arabera, familia barruko indarkeria eta indarkeria matxistaren kasuak ere gora egin zuten, % 58 eta % 38, hurrenez hurren.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren hitzetan, datuok "oso kezkagarriak eta deigarriak" dira. Erkorekak Carlos Cubero AMEIko zuzendariarekin batera aurkeztu ditu txostenean jasotakoak.

Erkorekak azaldu duenez, patologia psikiatrikoengatik eta kontsumo toxikologikoengatik artatutako pertsonen kopuruak urtetik urtera gora egiteak kezkatzen ditu gehien Institutuko arduradunak.

2014an % 35 hazi zen patologia psikiatrikoengatik artatutako pertsonen kopurua; biktimak nahiz erasotzaileak sartzen dira talde horretan. Halaber, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, nabarmen egin du gora (% 58) etxeko indarkeria kasuengatik adituek egin behar izan dituzten peritu-txostenak.  Genero indarkeriarekin lotuta artatutako pertsonen kopuruak ere gora egin du, % 37,93.

2010etik, bestalde, sintoma psikiatrikoak izateagatik Medikuntza Institutura jo duten lagunen kopuruak ere goranzko joera du: horien % 61,10ek genero indarkeriarekin dute zerikusia, eta % 31,90ek, etxeko indarkeriarekin. Toxikomaniaren batekin lotura izan dutenak, berriz, % 23,13 izan dira azken bost urteotan.

Sexu erasoei dagokienez, Erkorekak zehaztu du kasuen hazkundea "esanguratsua baina puntuala" dela; azken datuen arabera, sexu erasoen kopurua "egonkor" mantentzen dela adierazi du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Horren harira, Cuberok nabarmendu du azken urteotan jaso diren sexu erasoetan "indarkeria eta oldarkortasun" handiagoa atzeman dutela.

Hilketak, % 55 behera

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) indarkeriazko 428 heriotza izan ziren iaz. Heriotza horien arrazoi nagusiak trafiko istripuak eta laneko istripuak izan ziren. Trafiko ezbeharrek % 117 egin zuten behera (76 hildakotik 35era) eta laneko ezbeharrak % 6,67 jaitsi ziren (16tik 15era).

Bestalde, guztira 9 hilketa jazo ziren, % 55,5 gutxiago. Erkorekaren aburuz, hilketen beheranzko joera nabarmena erakusten dute datuok, azken hamar urteetan, 2005etik, % 70 egin baitute behera.

Albisteak (2)

Bideoak (1)