Euskal jaialdia
Boise, euskal diasporaren hiriburu
M. I. | EITB.EUS
Bost urtetik behin egiten den jaialdia ospatuko dute Idahoko hiriburuan uztailaren 29tik abuztuaren 2ra. Milaka lagunen parte hartzea espero da.
Euskal diasporaren hiriburu bihurtuko da berriro ere Boise. Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatzen duten kultur ekitaldia uztailaren 29tik abuztuaren 2ra egingo dute. Diasporan bizi diren euskaldunak eta Euskal Herritik joandakoak elkartuko dira bertan.
Jaialdi da bost urtean behin Boisen, Idahon, euskal kulturaren inguruan euskaldunak elkartzen dituen ekitaldia. Euskal Herria orain hamarkada batzuk utzi zutenak, haien ondorengoak eta jaialdiaz gozatzeko asmoz Euskal Herritik bidaiatzen duten milaka lagunak elkartzen dira zita horretan. Uztailaren 29an hasi eta bost egunez, abuztuaren 2a bitartean, euskal kultura izango da nagusi.
Egitarau zabala antolatu dute aurtengoan ere. Musika, dantza, herri kirolak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Musikari dagokionez, han izango dira Kepa Junkera, Luhartz erromeria taldea edo Aittitta Makurra txaranga. Bertsolariak ere izango dira.
Dantzak ere, bere lekua izango du jaialdian. Euskal Herritik joandako Ortzadar dantza taldeak ez ezik, Boiseko Oinkari taldeak, Homedaleko Herribatza dantzariak edo Chinoko Gauden Bat Gure Ametsa dantzari taldeak emanaldiak eskainiko dituzte.
Herri kirol jaialdia ere izango da. Txinga, zaku-eramatea, aizkora, harri-jasotzea, ingudea eta beste hainbat modalitate ikusteko aukera izango da Euskal Herritik joandako Idoia Etxebeste, Joseba Ostolaza, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerzaren eskutik.
Agintari politikoak ere gerturatuko dira Boisera. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Kultura eta Unibertsitate sailburua AEBn izango dira. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere, Jaialdira joango da. Festaz gozatzeaz gain, bertako agintariekin biltzeko ere baliatuko dute bidaia.
Athletic
Aurtengo jaia uztailaren 29an hasiko den arren, Boiseko euskaldunek Athletic bertatik bertara ikusteko aukera izan dute orain gutxi. Zuri-gorriek harrera beroa jaso zuten Xolos Tijuanaren aurkako partidaren atarian.
Lehoiek Idahoko hiriburuan dagoen ikastola bisitatzeaz gain, Boisen bizi diren euskaldunekin egoteko aukera izan zuten, baita Boiseko Atheltic Peñako kideekin ere.