Kronika
Eskerrik asko, Boise
Urtzi Urrutikoetxea | ETB
Boise (AEB)
Boiseko Jaialdia hiri oso bat euskaldunez janztea edo mozorrotzea edo transformatzea da, nor nongoa den, edo arbasoak non zituen askorik ardura gabe.
Ondo ez, ederto ibili gara. Eta hiriari pixka bat neurria hartzen hasten zarenean uholde hori sumatzeak nagitasun puntu bat ematen badu ere... uf, itzela izan da. Antolatutako ekitaldiak, eta inprobisazioak ekarritakoak. Unibertsitatean eta bestelako eremu formaletan egondakoak eta parrandan izandakoak.
Boiseko Jaialdia izan daiteke Bakioko batek Urduña edo Sodupeko koadrila batekin bat egitea Euskal Etxean, bat-batean, musika egiteko. Edo bertsolariak ikastolara etortzea kanta amerikarrak ere jotzeko. Edo trikitilari banda bat agertzea. Boiseko Jaialdia izan daiteke Argentinak eta Kaliforniak eta New Yorkek bat egitea, bururik argienak eta ganberro handienek (eta askotan, biak batera datoz!). Eta konturatzea atzo baino dozena erdi lagun gehiago dituzula, eta San Frantziskoko batekin, zuberotar batekin, bizkaitar bi, nafar bat eta Boiseko hiruzpalau lagunekin ari zarela solasean.
Boiseko Jaialdia hiri oso bat euskaldunez janztea edo mozorrotzea edo transformatzea da, nor nongoa den, edo arbasoak non zituen askorik ardura gabe. Ospakizun handi bat da, denak lekua izan dezakeena. Egon daiteke ikurrina eta beste ikur bat, eta musikan Enrique Iglesias zein Gure Esku Dagoren kanta. Herri-kirolak ikuskizun estatubatuar bihurtzen dira, bertsoak euskara-ingeles hibrido baten doaz, eta etxean hain ezinbesteko, hain esentzial diren auziak askoz erlatiboak direla zortzi mila kilometrora begira. Eta AEB kontserbadorea eta AEB apurtzailea metro gutxitan biltzea, Euskal Herri kontserbadorea eta apurtzailea nekez bil daitezkeen legez... Boisen ez bada.
Joan dira bertsoak, dantzak, kirolak, hitzaldiak, aurkezpenak, eztabaidak, dena batzeko ordua iritsi da... eta halako batean, gehiago dagoela, tabernak itxi arren, Amuma Says Bai (munduko anfitrioi onenaren saria balego, egunero sekulako giroa jarri duen taldeari).
Tira, bost urte berehala igaroko dira. Eta Boiseko kapitolioan ikurrina Estatu Batuetakoaren pare jarri dutenez gero, bost urte barru Washingtonen euskal enbaxada bat balego, kontsulatua beharko du Boisen. Edo, aurtengo jendetza ikusita, sarrixeago egiteko ideia ere har liteke (ez botatzeagatik ez dela izan). Inork ez daki seguru zenbat pertsona egon diren. Batzuek diote bost mila etorri direla Euskal Herritik, baina ezin ziur jakin. Bidaia antolatuetan asko, udako plan ederra eginda, Boise New Yorkekin, Kaliforniarekin edo mendebaldeko parke nazionalekin batera. Hirian Jaialdiak daukan eragina ere interesgarria litzateke jakiteko. Hotelak beteta, tabernak eta jatetxeak berdin. Eta jaiak gehiegitan dituen arazoen arrastorik ez, apenas. Ordu txikietako gehiegikerietan handiena, agian, tabernak itxitakoan Xalbador edo Matalaz kantatzen zuten koadrilak. Bestelakoetan egoten diren borroken arrastorik ez, nik dakidala.
Akaso "kroketometroa" da neurgailu onena. Larunbaterako berrogeita hamar mila eta bostehun kroketa (edo 51.500, ez nago seguru) erabat agortu ziren berria zabaldu zen, eta ea zer egingo zen, igandea oraindik aurretik egonda. Baina igandean ere, egon ziren kroketak. Esan dut ederto ibili garela ezta? Eta esan ez ditugunak, hemen esan ohi denez, Boisen gertatzen dena, Boisen geratzen da.
Eskerrik asko Boisetar eta ez Boisetarrei!