Indarkeria matxista
Emakume bat jipoitu du bere bikotekideak, Gasteizen
Agentziak | Erredakzioa
Biktimak herrizainei adierazi dienez, ez da bikotekideak eraso egiten dion lehen aldia; gizona atxilotu dute. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
Emakume bat jipoitu du bere bikotekideak, Gasteizen, ukabilkadak eta ostikadak emanez eta iletik tiraka herrestatuz. Biktimak herrizainei adierazi dienez, ez da bikotekideak gorputzez eraso egin dion eta irainak esaten dizkion lehen aldia, orain arte gertaturikoa salatzen ausartu ez bada ere.
Goizalde honetako 00:30ak aldera, herrizainak Pasaje de Las Antillas kalera joan ziren, abisua jasota. Bertaratutakoan, emakumeak jakinarazi zien bere bikotekidearen erasoa pairatuta zuela, lurrera bota eta iletik tiraka herrestatuz. Gerora, garaje batera eraman zuen gizonak, eta hor ukabilkadak eta ostikadak ematen jarraitu zuen.
Herrizainek osasun-zentro batera eraman dute emakumea, eta gizonezkoa atxilotu dute.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak beste hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, azken orduetan, bikotekideak jipoitzea leporatuta. Aurreneko erasoa igande goizean gertatu zen. Antza denez, 22 urteko gazte batek bikotekideari aurpegian kosk egin eta belarritakoak atera zizkion. Ondorioz, Udaltzaingoak gaztea atxilotu zuen, emakumeen kontrako indarkeria delitu bat egotzita. Ordubete eskas geroago, beste emakume bat erdi korderik gabe geratu zen Gasteizen, ustez bikotekideak erasota. 21 urteko mutil-laguna Ertzaintzak atxilotu zuen, agenteak neskari laguntza emateko joan zirela. Partikular batek deitu zituen agenteak, mutil batek bikotekideari eraso ziola ikusita.
Igandeko hirugarren atxiloketa 20:30 aldera egin zuten Paula Montal kaleko etxebizitza batean, igandean. Dirudienez, gizon batek emazteari eraso egin zion eztabaida bero batean.
____________________________________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); biak doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.