Itxi

Emakumeen kontrako indarkeria

Erromoko jaietan (Getxo) eraso sexuala izan dela salatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Igandean protesta ekitaldia egin zuten txosnagunean. Getxoko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak gertatutakoa gaitzetsi du eta elkartasuna adierazi dio biktimari.

Getxoko hainbat taldek salatu dutenez, eraso sexuala izan zen larunbatean Santa Ana jaietan, Erromoko auzoan. Hain justu, gaur bildu den Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi du eta elkartasuna agertu dio emakumeari.

Deia eta Contrapunto local egunkariek jasotakoaren arabera, erasoa larunbat goizaldean jazo zen. Etxera bidean zegoela, gizon batek eraso egin zion emakumeari, azkenenean biktimak ihes egitea lortu bazuen ere.

Ertzaintzak eitb.eus-i baieztatu dionez, emakumeak ez du salaketarik jarri.

Erromoko emakumeen asanbladak deituta, erasoa salatzeko elkarretaratzea izan zen igandean txosnagunean "Bati eraso egiten badiote, guztioi egiten digute eraso" lelopean".

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi du eta biktimari "elkartasuna eta babesa" erakutsi dio. Ohar batean, "eraso sexistarik gabeko gizartearen eta jaien alde lan egiteko konpromisoa" berretsi dute alderdi politikoek.