Itxi

Hondarribia

Emakunderen elkarrizketarako deia, Alardean 'berdintasuna' lortzeko

agentziak | erredakzioa

Emakumearen Euskal Erakundeak "elkarrizketarako bide bat irekitzeko" deia egin dio Udalari, Alardean "eskubide berdintasuna, errespetua eta elkarbizitza lortzeko".

Hondarribiko alardea. Argazkia: Efe

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "elkarrizketarako bide bat irekitzeko" deia egin dio Hondarribiko Udalari, astearteko Alardean "eskubide berdintasuna, errespetua eta elkarbizitza lortzeko".

Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak iragarri du Jaizkibel Konpainiaren Alarde mistoari emango diola babesa bihar, udaletxearen atarian.

Emakundek gogorarazi duenez, "geroz eta udalerri gehiagotan ari dira egokitzen tradizioak emakumeen eta gizonezkoen arteko eskubide berdintasuna bermatzeko". Hala, udal ordezkari guztiei "elkarrizketari ekiteko" deia egin die, Alardearen inguruan "batasuna berreskuratzeko eta, herritarren arteko enfrentamendutik, errespetuaren eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunerantz pausoak emateko". Izan ere, "elkarrizketa beharrezko lehenengo pausoa da elkarbizitza lortzeko, eta herritar gehienek erakunde publikoen parte-hartze aktiboa eskatzen dute irtenbideak bilatzeko", Landaidaren arabera.

Emakunderen arabera, "tradizioak kohesio sozialaren giltzarri dira", baina "garai berrietara egokitu beharra dute", "hori ez baita tradizioen kontra joatea, baizik eta gizonezkoei eta emakumezkoei aukera berdinak ematea; hau da, aberastea".

Azken batean, "berdintasuna balore soziala da, demokraziaren oinarria, eta erakunde publikook beharrezko neurriak hartu eta oztopoak kendu behar ditugu, emakumeek jai ekitaldietan gizonekin berdintasunean egon daitezen", erantsi du.