Krisialdia
Euskal erakundeek eta eragile sozialek errefuxiatuak hartuko dituzte
Agentziak | Erredakzioa
EAEn 1.000 hartuko dituzte eta Nafarroan 200 inguru. Europako Batzordeak hala eskatuta, 17.680 errefuxiatu hartuko ditu Espainiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu du Euskal Autonomi Erkidegoak 1.000 errefuxiatu inguru hartuko dituela. Europako Batzordeak hala eskatuta, 17.680 errefuxiatu hartuko ditu Espainiak.
Eusko Jaurlaritza, Eudel Euskadiko udalen elkartea, hiru aldundiak eta EAEko hiru hiriburuak bildu ostean eman ditu datu horiek Erkorekak.
Iñigo Urkulluren gobernuaren bozeramailearen arabera, Euskadi gerratik ihesi dauden mila errefuxiatuak hartzeko "gai" da.
Lurraldeka, eta adostutako datuen arabera, mila lagun horietatik %52 Bizkaira joango dira, %33 Gipuzkoara eta %15 Arabara.
Euskadi pertsona kopuru hori “aparteko zailtasunik gabe eta baldintzarik egokienetan” hartzeko kapaz dela azpimarratu du Erkorekak, gerratik eta miseriatik ihes egiten ari direlako. “Gizartean normaltasunez sartu eta horrek zerbitzu publikoen funtzionamenduan aldaketarik” eragingo ez duela gaineratu du bozeramaileak.
Gaurko bileran parte hartu duten erakunde publiko guztiek uste berekoak direla azaldu du Erkorekak.
“Gutxi gorabeherako kalkulua”
Mila errefuxiatuko kopurua “gutxi gorabeherako kalkulua” dela azpimarratu du bozeramaileak. Erkidegoei kupoa finkatzen dizkietenean “irizpide argi eta gardenak” erabiltzeko eskatu dio Erkorekak Gobernu zentralari.
Gainera, Europar Batasuneko baremoak erabilita Euskadiri mila errefuxiatu baino gehiago hartzeko agindua ematen baldin badiote, EAEko erakundeak “guztiz kontra” agertuko ez direla erantsi du Erkorekak.
Batzorde operatiboa
Bestalde, EAEko erakundeek batzorde operatibo bat osatzea adostu dute gaurko bileran. Batzordeak “erantzun eskema orokor” bat diseinatuko du errefuxiatuen krisiari aurre egiteko.
Batzordea gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariekin bilduko da ostegun honetan, elkarlanari ekiteko.
Asilo politikoa eskatzen duten Siriako eta Irakeko errefuxiatuak urtebetez hartzeko eskatu die Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak familiei, parrokiei eta fededunei, “horretarako aukera eta jarrera baldin badute”.
Epe hori agortuta, Caritasek familiak hartuko ditu eta irtenbide bat emango die, Munillak azaldu duenez.
Nafarroa: "Informazio urria"
Nafarroak Siriako gatazkatik ihesi dauden 200 errefuxiatu inguru hartuko dituela uste dute. Asteartean Espainiako gobernuarekin bildu ziren gainontzeko erkidegoetako ordezkariekin batera.
Horren harira, Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialen presidenteordeak "frustrazioa" azaldu du, informazio "urria" jaso dutelako Estatuaren aldetik.
Laparra Nafarroako gizarte eragile nagusiekin eta entitate lokaletako ordezkariekin bildu da arratsaldean. Foru Gobernuak errefuxiatuak hartzeko abian jarriko dituen neurrien berri eman die presidenteordeak.
Iruñeko eta Tuterako udaletako eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federakundeko ordezkariak eta Gurutze Gorria, Caritas, Anafe, ONGD Koordinadora, Elikagai-banku, Oxfam Intermon eta ACNUR Espainiako Elkartearen kideak bileran izan dira. Errefuxiatuak hartzeko egitasmoan parte hartzeko borondatea agertu dute eragile guztiek.
Errefuxiatuen etorrera atzeratzea posible dela azaldu dute parte-hartzaileek bileran; izan ere, Espainiako eta Europako erakundeek momentuz ez dituzte planaren nondik norakoak zehaztu. Xehetasun horiek beharrezkoak dira Nafarroako dispositiboa martxan jartzeko.