Krisia
Urkulluk dio 'arduraz eta elkartasunez' hartuko dituela errefuxiatuak
agentziak | erredakzioa
Krisia "berdintasunez eta gardentasunez" kudeatzeko eskatu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du EAEk "arduraz eta elkartasunez" hartuko dituela iristen diren errefuxiatu guztiak. Gainera, krisia "berdintasunez eta gardentasunez" kudeatzeko eskatu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari.
Gasteizen egin ditu adierazpen horiek Urkulluk, EHUren Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasturtea abiatzeko ekitaldian.
Lehendakariak bertan azpimarratu duenez, unibertsitatea "printzipio etikoak dituen gizarte baten sehaska" da, eta balore horiei egin die erreferentzia gatazketatik ihesi iristen diren pertsonen giza krisiari aurre egiteko.
Urkulluren arabera, "erantzun bateratua" eman behar zaio erronka horri. Hala, erakundeak eta herritarrak "elkarlanean" arituko dira, "gizarte solidarioari bide emateko".
Gipuzkoako Aldundia
Gipuzkoako Foru Aldundiak departamentu arteko lantalde bat jarri du martxan errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Bestalde, Maribel Vaquero eta Fernando San Martin Giza Eskubideen eta Lankidetzaren zuzendariek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak sortutako lantaldean, eta gaur Gobernuz Kanpoko Erakundeekin egingo dute lehenengo saioa.
Aldundiko departamentu arteko batzordeak gizarte politika, lankidetza, migrazioa, giza eskubideak, gaztedia eta agintaritza hartzen ditu bere baitan, eta Markel Olano ahaldun nagusia bera izango da burua.
Lantaldearen lehenengo bileran ahaldun nagusiak, Denis Itxaso, Maite Peña eta Imanol Lasa diputatuek, Vaquerok, San Martinek eta Belen Larrion Haurren Babeserako zuzendariak parte hartu dute.
Aldundiaren helburua "Gipuzkoako azpiegiturak eta baliabideak koordinatzea, mobilizatzea eta bideratzea da, udalekin eta gainerako erakundeekin batera, irizpideak batuta, eta Eusko Jaurlaritzarekin zuzeneko harremanean".
o harremanean".