Errefuxiatuen krisia
Siriarren aukera bakarra herrialdetik ihes egitea dela uste du NBEk
agentziak | erredakzioa
NBEren arabera, "Siria gure begien aurrean suntsitu dute", eta errefuxiatuen krisia amaitzeko irtenbide bakarra gatazka modu baketsuan amaitzea da.
Siriarren irtenbide bakarra herrialdetik ihes egitea da, Siriako gatazka ikertzen ari den Nazio Batuen Erakundeko batzordeak salatu duenez.
"Siria gure begien aurrean suntsitu dute. Nazioak porrot egin du borrokaleku kaotiko eta hilgarrienean. Nazioa batuta mantentzeko loturak deseginda daude", adierazi du Paulo Sergio Piñeiro NBEko batzordearen presidenteak, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean.
"Siriarrek ez dute euren herrialdea ezagutzen. Eraiki eta ezagutzen zuten bizimoduak porrot egin du, eta ihes egitea da aukera bakarra", gaineratu du Piñeirok.
Ikerketa batzordearen azken txostena gaur aurkeztu dute Kontseiluaren osoko bilkuran, eta herrialdean izan dituzten giza eskubide urraketa ankerrenak azaldu dituzte bertan.
"Giza sufrimendu sakona, urte askotan Siriako ospitaleetan eta inguruko herrialdeetako errefuxiatu-eremuetan ikusi duguna, tren-geltokietan edo Schengengo Esparruko mugetako hesietan pilatuta dauden errefuxiatuen aurpegi zargalduetan ikusten da. Hori da Sirian bakea lortzeko ahaleginean porrot egin izanaren ondorioa", azpimarratu du Piñeirok.
Batzordearen presidenteak argi utzi nahi izan du errefuxiatuen krisiaren irtenbide bakarra gatazka modu baketsuan amaitzea dela.
"Errefuxiatuen krisia, Turkian, Libanon, Jordanian eta Iraken hainbat urtetan bizi izan dutena, Siriako gatazkaren ondorio da. Biak guztiz lotuta daude. Ezinezkoa da bata bestea konpondu gabe konpontzea", azaldu du Kontseiluan.