ETA
Indarkeriaren errefusa ekintzetan islatzeko eskatu dio PPk EH Bilduri
agentziak | erredakzioa
Hala, Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusiak ETAren atentatuak gaitzestearen garrantzia azpimarratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusiak indarkeriaren errefusari buruzko adierazpenak "ekintzetan islatzeko" eta ETAk iraganean egindakoak gaitzesteko eskatu dio EH Bilduri, "historia ez delako orain hasi".
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta koalizio abertzalearen legebiltzarkideak Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteari egindako bilera eskaera izan du hizpide Llanosek. Quirogaren ustez, hitz "garrantzitsuak" izan ziren Arraizenak, "bide okerrena" indarkeria zela eta hori erabiltzen dutenek EH Bildu "beti kontra" izango dutela esan baitzuen.
Llanosek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, euskal popularrek "ez dute batzuen eta besteen jokoetan" parte hartuko, eta "askatasuna eta bizikidetza" izeneko lantaldea sortzeko ardura Legebiltzarrari dagokiola nabarmendu du.
Lehenengo Iñigo Urkullu lehendakariari egin zioten eskakizuna, eta prest ez dagoela ikusita eta bake eta bizikidetzarako lantaldea "guztiz geldirik" dagoela eta, PPk Legebiltzarrean aurkeztu du lantalde berria sortzeko proposamena.
"Bidea egiteko, etorkizunera begiratzeko eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da iraganari zilegitasuna kentzea, aurreko legegintzaldiko zoru etikotik abiatzea: gertatutakoaren kontakizuna, biktimen aitortza eta terrorismoaren gaitzespena", gaineratu du.
Horren ustez, EH Bilduren adierazpenak "bide onetik" doaz, baina "ekintzekin islatu" behar dituztela azpimarratu du.
"Historia ez da orain hasi. Kontua ez da esatea orain denok gaudela indarkeriaren aurka. Historiak urteak ditu atzetik, eta, terrorismoari zilegitasuna kentzeko eta etorkizunera begiratzeko, beharrezkoa da iragana gaitzestea", berretsi du.