Hondakinen biltegia
Arabako Foru Aldundia, Garoñan hondakinen biltegia egitearen aurka
EITB.EUS
Burgosko herrian hondakin nuklearren biltegia paratzeko baimena eman du Ingurumen Ministerioak. Foru gobernuaren arabera, ez diete ezeren berri eman.
Arabako Foru Aldundiak eskura dituen "neurri guztiak" hartuko ditu Garoñan hondakin nuklearren biltegia paratu ez dezaten. Espainiako Gobernuak ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena eman berri du, eta zabaltzeko lizentzia baino ez da falta.
Ramiro Gonzalezek zuzentzen duen gobernuak orain gutxi izan du asmo horien berri, eta hori salatzeko gutun bana bidali du Industria eta Ingurumen ministerioetara. Eskutitzetan, erabakiarengatik "haserre" agertu da Foru Aldundia, eta zentrala behin betiko ixteko eskatu du beste behin. Jose Manuel Soria Industria ministroarekin bilera egin nahi du Arabako ahaldun nagusiak, gaia aztertze aldera.
10 urtez, Garoñan hondakin nuklearrak hartzeko 32 edukiontzi paratzeari oniritzia eman berri dio Ingurumen Ministerioak. Arabako Foru Aldundiak salatu duenez, orain arte ez dute izapide hauen berri izan, eta Araba kaltedun izango dela kontuan hartuta, "aintzat hartu ez" izana kritikatu du Jose Antonio Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.
Galeraren esanetan, substantzia hauek eragin dezaketen kutsadura da euren kezka nagusia, hondakinok ez baitute "muga administratiborik" eta lur azpian dauden urak eta lautadan dagoen urtegi handia lotuta daudelako.
Garoñan 32 edukiontzi jartzeko azken-aurreko izapidea da ingurumen-inpaktuaren azterketa. Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren baimena eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarena besterik ez da falta. Onartuz gero, Cuencako hilerri nuklearra eraikitzen duten bitartean, 10 urtez, hondakinok Garoñan gordeko dituzte.