Itxi

Parisen

Pariseko klima-aldaketari buruzko goi-bilera ulertzeko gakoak

Agentziak | Erredakzioa

195 herrialdek eta Europar Batasunak Pariseko Klimaren Goi-bileran parte hartuko dute abenduko lehen aste bietan.

Klima-aldaketa

195 herrialdetako ordezkariak eta Europar Batasuna Parisera bertaratuko dira abenduko lehen aste bietan (azaroaren 30etik abenduaren 11 bitartean) bertan egingo den Klimaren Goi-bileran aritu eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko itun global bat lortzeko asmoz.

Honako hauek dira urtean zehar nazioartean egingo den hitzordu nagusiaren gakoak:

- Helburua itun bat adostea da, mundu mailako deskarbonizazio-prozesua kudeatuko duena, mende bukaeran planetaren tenperatura ez dadin bi gradu gehiago igo. Horrez gain, baita klima-aldaketak eragingo dituen ondorioei egokitzeko neurrietan laguntza ematea, nahiz eta aipatutako muga ez gainditu.

Ituna 2020an jarriko litzateke indarrean, 2050era arte iraungo luke eta Kiotoko protokoloaren bigarren fasea ordezkatuko luke. Hala ere, haren aldean, itun berriak herrialde guztientzako erantzukizunak barne hartuko lituzke, eta, horrenbestez, ia gas-isurketen % 100 estaliko lirateke. Kiotokoak, aldiz, herrialde industrializatu batzuk besterik ez zituen barne hartzen, eta horrek isurketen % 11 bakarrik eragiten zituen.

- Isurketen % 95aren ardura duten ia 170 herrialdek isurketak murrizteko konpromisoak bidali dizkiote Nazio Batuen Erakundeari Pariseko bilerara begira.

- Energiaren Nazioarteko Agentziaren txosten baten arabera, hartu beharreko konpromisoek 13,5 bilioi dolar beharko dituzte 2030era arte, eta herrialde txiroen kasuan nazioarteko laguntza jasotzearen mende egongo lirateke.

- Herrialdeek mekanismo bat sortzea aurreikusten dute, bost urtero haien helburuak gora begira gainbegiratzeko, horrela denborak aurrera egin ahala xede horiek handizaleagoak izan daitezen.

- Konpromisoetatik haratago, itunaren azken asmoa da erregai fosilen amaiera zehazten joatea, eta baita merkatuetara mezu indartsu bat bidaltzea ere: mundu mailako politika karbono gutxi erabiliko duen ekonomiaren aldeko apustua egiten ari dela.

- Negoziazioan zehar adostasun eza ekarriko duten hiru puntu nagusienak hauek dira: klima-aldaketaren aurrean herrialde ahulenek jasaten dituzten eraginak murriztu eta haietara egokitzeko beharrezkoa den finantzaketa, herrialde txiroen eta aberatsen artean bereizketa egin behar ote den ala ez eta itunaren handinahia zein izango den, asmoen adierazpen hutsetik haratago.

- 2009ko Kopenhageko Goi-bileran honakoaren antzeko akordio baten adosteko saiakeran huts egin ostean, klima-aldaketaren zantzuak areagotu egin dira: besteak beste, industriaurreko garaietatik hona tenperatura 1,02 igo da, atmosferan dagoen CO2 pilaketa inoizko handiena da eta 2014. urtea historiako urterik beroena izan zen.

- Inoiz ez da egon itun klimatikoa adosteko horren aldekoa den egoera politikorik: Txinak eta AEBk beroketaren aurka borrokatzeko akordio bat hitzartu dute; eta G7ko herrialdeek adierazpen bat igorri dute 2100 urterako erregai fosilekin bukatzeko.

- Arlo ekonomikoan ere giroa ere aldekoa da: 200 nazioarteko multionazionalek karbonoari prezioa jartzea eskatu diete herrialdeei, 10 petrolio-konpainia nagusienek koalizio bat sortu dute konponbideen parte izateko asmoz; 2014an energia berriztagarriek munduko energia-eskariaren % 9,3 hornitu zuten eta beren prezioa nabarmen merkatu da (% 80 eguzki panelen kasuan).

- Francisco aita santuak entziklika bat eskaini dio klima-aldaketari. Haren aburuz, klima-aldaketaren aurka borrokatzea "auzi morala da", "guztion hobe beharrerako" gaia, eta agintari islamistek lagundu egin diote adierazpen baten bidez. Bertan, klimaren aldeko konpromisoari hel diezaiotela eskatu diete 1.600 milioi musulmanei.

- Nahiz eta akordioa egon, Parisek egitekoak utziko ditu oraindik ere hala nola, CO2aren merkatu bakarra sortzea, karbonoaren gainean nazioarteko prezioa ezartzea edota etortzekoak diren fenomenoei erantzungo dieten planak zehaztea, errefuxiatu klimatikoen fenomenoa, kasu.

- Edonola ere, Parisko Goi-bileraren ondorioa ez da izango klimari buruzko jarduerarik egongo den, hori dagoeneko egon badagoelako eta egoten jarraituko duelako. Kontua beste hau da: ea jarduera hori guztien parte hartzearekin bideratzeko gai izango diren mundu mailako itun baten bitartez.

Informazio gehiago (1)