Noos auzia
Nor da nor Noos auzian: 17 auzipetuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Besteak beste, Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin senar-emazteak eseri dira akusatuen aulkian.
Hamazazpi pertsona eseri dira Noos auziako epaiketaren akusatuen aulkian. Hauek dira, hain zuzen ere:
CRISTINA BORBOIKOA.- Felipe VI.a Espainiako erregearen arrebari 2007-2008 urteetan Ogasun Publikoari iruzur egitea eta bi delitu fiskaletan ezinbesteko laguntzaile izatea egotzi dio epaileak. Herri akusazioak, Manos Limpiasek, bakarrik eskatu du zigorra infantarentzat: zortzi urteko kartzela-zigorra eta bi milioi euroko isuna.
IÑAKI URDANGARIN.- Cristina infantaren senar eta Palmako duke ezkontideari zortzi delitu egotzi dizkiote: influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea, prebarikazioa, iruzurra, maula, faltsutzea, Ogasunaren kontra aritzea eta kapitalak zuritzea. Ustez Noos institutua eta haren inguruan sortutako enpresak erabili zituen Balear Uharteetako, Valentziako eta Madrilgo erakunde publikoen funtsak arpilatzeko. Fiskaltzak 19,5 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat; Manos Limpiasek, 26,5 urtekoa.
DIEGO TORRES.- Noos Institutuan Urdangarinen bazkidea izandakoa. Prebarikazioa, iruzurra, influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea, Ogasunaren kontrako aritzea, faltsutzea, maula eta zuritzea egotzi diote. 16,5 (Fiskaltza) eta 22,5 (Manos Limpias) urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute Torresentzat.
JAUME MATAS.- Balear Uharteetako presidente eta PPko burua eta Ingurumen ministro ohiari lau delitu leporatu dizkiote: prebarikazioa, bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa eta iruzurra. Noos institutua Legearen aurka kontratatu izana egotzi diote. Matas preso dago gaur egun Palma Arena auziarengatik. 11 urteko espetxe-zigorra eskatu dute berarentzat.
ANA MARIA TEJEIRO.- Diego Torresen emazte eta Noos Institutuko pertsonal burua. Senarrari egotzitako delitu berak leporatu dizkio Manos Limpiasek eta 19 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du. Fiskaltzak dezente murriztu du eskaera, kapital zuritzea baino ez baitio egotzi (bi urteko zigorra).
MARCO ANTONIO TEJEIRO.- Torresen koinatua eta Noos Institutuko kontularia. Bidegabeko eralgitzeagatik, faltsutzeagatik, maulagatik, influentzia-trafikoagatik, kapital zuritzeagatik eta prebarikazioagatik epaituko dute. Fiskaltzak bi urteko espetxe-zigorra galdegin du berarentzat, gertakariak aitortu zituela argudiatuta. Manos Limpiasek 11 urteko eskaera egin du.
SALVADOR TRINXET.- Noos eta haren inguruan sortutako enpresak sortzeko Urdangarinek eta Torresek izan zuten aholkulari fiskala. Ogasunari enpreson irabaziak zelan ezkutatu esan omen zien biei. Manos Limpiasek bakarrik eskatu du haren kontrako zigorra: 3 urte, kapitalak zuritzeagatik.
JOSE LUIS "PEPOTE" BALLESTER.- Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia eta Palmako dukeen laguna. Ikerketan lagundu duenez, zigor-eskaera murriztu diote, eta bi urteko zigorra galdegin dute, bidegabeko eralgitzea, prebarikazioa, faltsutzea eta iruzurra egotzita.
GONZALO BERNAL.- Illesport Fundazioko zuzendaria. Noos Institutua modu irregularrean kontratatu zuela uste dute akusazioek, eta prebarikazioa, faltsutzea, iruzurra eta influentzia-trafikoa egotzi dizkiote. Zortzi eta 11 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.
JUAN CARLOS ALIA.- Ibatur Balear Uharteetako Turismo Institutuaren zuzendari izandakoa. Prebarikazioa, bidegabe eralgitzea, iruzurra, maula eta influentzia-trafikoa delituak egotzi dizkiote Noos institutuari turismoaren eta kirolaren inguruko bi jardunaldi antolatzeko eskatzeagatik. Lau eta 11 urte bitarteko zigor-eskaera dago haren kontra.
MIGUEL ANGEL BONET.- Ibaturreko idazkari ohia. Aliari egotzitako delitu berak leporatu dizkiote. Fiskaltzak 5,5 urte eskatu du berarentzat, eta Manos Limpiasek, 13.
LUIS LOBON.- Valentziako Turismo idazkaria. Honako delituak egotzi dizkiote: prebarikazioa, faltsutzea, bidegabeko eralgitzea eta influentzia-trafikoa. Noos Institutua kontratatu zuen Valencia Summit jardunaldiak antolatzeko eta Europako Joku Olinpikoak Valentziaren hautagaitza sustatzeko. Zortzi-hamaika urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute Lobonentzat.
JOSE MANUEL AGUILAR.- Valentziako Arteen eta Zientziaren Hiriaren zuzendari ohia. Luis Loboni egotzitako delitu berak egotzi dizkiote. Manos Limpiasek 11 urteko eskaera egin du eta Fiskaltzak, 6koa.
JORGE VELA.- Valentziako Finantza Institutuaren zuzenari ohia. Lau delitu egotzi dizkiote eta Aguilarrentzat eskatutako zigor bera eskatu dute harentzat.
ELISA MALDONADO.- Valentziako Arteen eta Zientziaren Hiriaren arduradun juridikoa. Honi ere lau delitu leporatu dizkiote eta 8-11 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.
MERCEDES COGHEN.- Madril 2016 hautagaitzaren kontseilari delegatua izandakoa. Noos Institutuaren ondorengoa izan zen Gizarte Integraziorako, Kulturarako eta Kiroletarako Fundazioari 114.000 euro emategatik bidegabeko eralgitzea, faltsutzea, prebarikazioa, iruzurra eta influentzia-trafikoa egotzi dizkiote. Fiskaltzak 6,5 urteko kartzela-zigorra eskatu du, Manos Limpiasek, 9.
ALFONSO GRAU. Valentziako alkateorde ohia. Besteak beste, dirua bidegabe erabiltzea egotzi diote. 11 urteko espetxe zigorra eskatu dute horrentzat.