Txostena
Garoña berriro zabaldu ahal izateko lanei oniritzia eman die CSNk
Agentziak | Erredakzioa
Txostena urteko bigarren seihilekoan igorriko dio CSNk Industria Ministerioari. Negatiboa bada, itxi egingo dute; positiboa bada, berriz, Gobernuak izango du azken erabakia.
Garoñako zentral nuklearra ustiatzeko baimena berritzeko azterketaren barruan, lanei oniritzia eman die Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN). Lanak 2014ko uztailean argitaratutako txostenean eskatu zituen CSNk.
Kontseilari gehienek babesa eman diete lanei. Cristina Narbona Ingurumen ministro ohiak, ordea, kontrako botoa eman du, baina Garoñan hondakin nuklearrak gordetzeko aukera babestu du.
Honenbestez, funtzionamendurako zehaztapen teknikoak onartu ditu CSNk. Nuclenor Garoñako jabeari zentrala hobetzeko lanak eskatu zizkion Kontseiluak, baimena berritzeko. Besteak beste, sistema elektrikoen diseinuan aldaketak, egituraren isolamendua eta sute baten ondorioz turbinako eraikinaren teilatua eroriko balitz segurtasun taldeek izango luketen erantzuna hobetzea eskatu zuen.
Hondakinak gordetzeko biltegia
Bestalde, baldintzen aldaketa operazioari oniritzia eman dio aho batez osoko bilkurak, Garoñan hondakin erradiaktiboak gorde ahal izateko.
Industria, Energia eta Turismo Ministerioak eskatutako txostena igorri baino lehen, teknikarien gidan aurreikusitako lanak aztertu behar dituztela azaldu du CSNk agiri batean.
Zentrala ustiatzeko baimena berritzeko txostena urteko bigarren seihilekoan bidaliko dio CSNk Industria Ministerioari, Kontseiluak adostu duenez.
Derrigorrezkoa eta loteslea
Txostena derrigorrezkoa eta loteslea da. Beraz, negatiboa bada, itxi egin beharko dute; positiboa bada, berriz, Industria Ministerioak eta Ministroen Kontseiluak izango dute azken erabakia.
Bestalde, Kongresuko talde guztiek, Alderdi Popularrak salbu, Burgosko zentralaren baimena berritzeko prozesua atzeratzeko eskatu diote Fernando Marti CSNko presidenteari gutun batean.
Gobernu berria osatu bitartean, azterketa gelditzeko eskatu diote PSOE, Podemos, Ciudadanos, ERC, EAJ, EH Bildu, IU-Unidad Popular eta Compromis aldedietako ordezkariek.
CSNren ?intsumisioa? kritikatu dute ekologistek
Zentzu horretan, Parlamentuko borondatearen aurrean Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak agertutako ?intsumisioa? kritikatu dute ekologistek.
Nahiz eta Parlamentuaren gehiengoa zentrala ixtearen alde agertu, Kontseiluaren erabakia espero zutela aitortu du Francisco Castejon Ekologistak Martxan taldeko bozeramaileak.
CSNk hartutako erabakia ?Parlamentuari intsumisioa? egitea dela salatu du Raquel Monton Greenpeace elkarteko energia kanpainaren bozeramaileak. Montonen iritzian, ?Diputatuen Kongresuko gehiengo zabal batek eskatutakoaren aurka? agertu da.