GREENPEACE
Garoña zabaltzearen kontrako protesta egin du Madrilen Greenpeacek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren egoitzaren aurrean bi pankarta erraldoi jarri dituzte talde ekologistako aktibistek, 'Stop Garoña' eta 'Stop nuklearrak' leloekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Greenpeace talde ekologistako hainbat aktibistak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen kontrako protesta egin dute Madrilen; bi pankarta erraldoi zabaldu dituzte CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren egoitzaren aurrealdean.
Agiri batean Greenpeacek jakitera eman duenez, CSNren "independentziarik eza" salatu nahi izan dute ekimen horrekin. Fernando Martik erakunde horretako presidente karguan jarraitzea "onartezina" dela ere esan dute.
Euskal erakunde gehienen eskariaren aurrean "entzungor" egin du Kontseiluak, eta "zentral nuklearren segurtasun estandarrak murriztea nahi du", Greenpeaceren arabera.
27 metroko bi pankarta jarri dituzte eraikinaren aurrealdean, 'Stop Garoña' eta 'Stop nuklearrak' leloekin. Egoitzaren atarian, berriz, hainbat aktibista batu dira, 'CSN independente baten alde' pankarta eskutan zutela.
Asteazkenero batzen da Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua, eta mahai gainean dituen gaien artean du Garoñako zentral nuklearraren balizko irekiera.