DONOSTIAKO UDALA
Zezenei buruzko galdeketa exijitzeko 10.000 sinadura aurkeztu dituzte
EITB.EUS
Donostia Antitaurina Orain plataformak aurkeztu ditu Udalean sinadurak, herri-galdeketa eskatuz. Iaz onartutako herri-kontsulten araudia betetzen bada, ekainean egin liteke galdeketa.
Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketen inguruko herri-galdeketa deitzeko 10.000 sinadura bildu ditu, eta Donostiako Udalean utzi ditu gaur. Hala, iaz herri-kontsulten inguruan onartutako araudia betetzeko eskatu diote herri mugimendu honetako ordezkariek Udalari. Araudi horren arabera, 8.000 sinadura behar dira, galdeketa bat abian jartzeko. 2.000 gehiago bildu dituzte.
Plataformatik esan dutenez, "herri partaidetzaren araudiak definitzen dituen epeen arabera, eta Udalak prozesua atzeratzen ez badu, herri-galdeketa ekainaren 19an egin daiteke, eta, horrela, biztanleriaren erabakia kontuan hartuta, aurtengo Aste Nagusian zezenketak ez programatzea posible da".
Baikor agertu dira Donostia Antitaurina Orain mugimenduko kideak. "Badakigu bidea luzea dela eta lan handia geratzen dela, batez ere, herri-galdeketan partaidetza ahalik eta handiena izatea dugulako helburu. Dena dela, baikor ikusten dugu etorkizuna, sinadurak biltzen ibili garen hilabete hauetan donostiarrek animalien erabilera eta gehiegikeriak baztertzen dituztela ikusi dugulako".
Bi urteko debekua
Iazko abuztuan itzuli ziren zezenketak Donostiako Aste Nagusira, bi urteko debekuaren ondotik; EH Bilduk zuzentzen zuen udal-gobernuak zezenketak kentzea erabaki zuen.
Illunbera zezenak itzultzeak zein Juan Carlos I.a erregea bertan egoteak polemika piztu zuten, eta protesta ugari egin ziren.
Eneko Goia Donostiako alkateak esan zuenez, "gaur-gaurkoz, zezenketak ikuskizun legalak dira eta, beraz, Udalak ez ditu zertan debekatu eta ez dizkie aparteko mugak ezarri behar".