Itxi

Balantzea

Gorrotoak eragindako delituak % 50 hazi dira EAEn 2015ean

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Beltran de Herediak azaldu duenez, "kontzientziazio handiagoak" ekarri du horren moduko delituen gorakada "sarriagotan salatzen direlako". Arau-hauste penalek behera egin dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, gorrotoak eragindako delituek "ia % 50" egin dute gora Euskal Autonomia Erkidegoan eta, zehaztu duenaren arabera, "kontzientzia handiagoa" dagoelako egin du gora, ez gehiago egin direlako.

Beltran de Herediak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean 2015ean EAEn izandako delituen berri emateko, aurreko urtarrilean publiko egin eta gero.

2015ean 83.996 arau-hauste penal zenbat ziren, 2014an baino % 3,2 gutxiago hain zuzen, eta, Beltran de Herediak zehaztu duenez, egonkortu egin da beheranzko joera, 2012tik ona eta "azken hamar urteotako balorerik txikiena" lortu du.

Era berean, mila biztanleko delitu tasa ere jaitsi egin da: 2012an 41,5ekoa izan zen eta, 2015ean, 38,3koa.

Gainera, sailburuak datuen azterketa egin du eta Joseba Zorrilla legebiltzarkide jeltzaleak egindako galderei erantzun die. Horren ildotik, adierazi du Ertzaintzak gorrotoak eragindako 184 delitu zenbatu dituela, "2014rekin alderatuta ia % 50 gehiago".

Horrez gain, Barne Ministerioak duela gutxi egindako txosten baten arabera, EAE bigarren erkidegoa da, gorrotoak eragindako delitu kopuruari dagokionez. Alabaina, txosten horren arabera EAEn izandako horren moduko delituak 201 izan ziren.

Halaber, Beltran de Herediaren esanetan, delituen gorakadak "ez du zertan zerikusia zuzena izan" gorakada erreal batekin, alegia, gizartean kontzientzia handiagoa dago eta "gehiagotan salatu egiten dira horren moduko delituak", horregatik zenbatu dira gehiago.

Gaurko agerraldian, sailburuak nabarmendu egin du beherakada hori lurralde historikoetan eta hiru hiriburuetan gertatu dela; bereziki behera egin dutenak indarkeriazko lapurretak etxebizitzetan (-% 21,1) eta pertsonei egindako lapurretak (-% 10,4) direla.

Gora egin dute, aldiz, ibilgailu lapurretek (% 34), iruzurrek (% 21,5) eta etxe barruan egindako tratu txarrek (% 9,5).

 

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)