2000 eta 2008 artean
Realak jokalariei ustez zerga-paradisuen bidez ordaindu zien
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zazpi jokalari atzerritarrek sistema hori erabili zuten kobratzeko: Kovacevic, Nihat, Westerveld, Tayfun, Karpin, Schürrer eta Asper.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak enpresak zerga-paradisuetan zabaldu zituen ustez jokalari atzerritarrei ordaintzeko 2000 eta 2008 artean, besteak beste, Darko Kovacevici eta Nihat Kaveciri, Mossak Fonsecako barne agirien arabera.
El Confidencial-ek eta La Sexta-k zabaldutako artxiboen arabera, garai hartan gutxienez zazpi jokalari atzerritarrek sistema hori erabili zuten kobratzeko: Darko Kovacevic, Nihat Kahveci, Sander Westerveld, Tayfun Korkut, Valeri Karpin, Gabriel Schurrer eta Mattias Asper.
Realak ustez Jose Luis Astiazaran, Miguel Fuentes, Maria de la Peña, Javier Larzabal eta Iñaki Badiolaren agintaldietan erabili zuen sistema.
El Confidencial-en hitzetan, enpresak jokalarien izenean zabaltzen zituzten, baina talde txuri-urdinak kudeatzen eta kontrolatzen zituen, nahiz eta Realaren izena inon ez agertu.
‘Offshore’ sozietateak Birjina uharteetan eta Niuen
Iñaki Otegi klubeko gerentea Mossack Fonsecaren bulegoarekin harremanetan jartzen zen jokalariaren izenean ‘offshore’ sozietate bat zabaltzeko. Sozietatea itxi egiten zuten jokalariak Realarekin zuen lotura bukatzen zenean. Otegik 30 urte daramatza talde txuri-urdineko gerente bezala.
Bost konpainia Birjina uharteetan erregistratu zituzten eta gainerako biak Niuen. Azken bi horiek Tayfun Korkut erdilari turkiarraren eta Mattias Asper atezain suediarraren izenean zabaldu zituzten.
Ondoren konpainia horiek banku-kontu bat zabaltzen zuten Suitzako eta Jerseyko BBVA Privanzan. Zentzu horretan, Sander Westervelden kasua salbuespena izan zen, kontua Suitzako F. van Lanschot Bankiers bankuan ireki ziotelako.
Jokalariek federazio-eskubideen zati bat paradisu fiskaletako enpresen eskuetan uzten zuten (Kovacevicen kasuan % 53) eta eskubide horien truke jasotako dirua Suitzako eta Jerseyko kontuetan sartzen zuten.
Oraingoz, Realak ez du azalpenik eman.
Ustezko iruzurra “sakon” ikertuko du Gipuzkoako Ogasunak
Realak ustez egindako zerga irregulartasunak “sakonean” ikertuko dituela ziurtatu du gaur Gipuzkoako Ogasunak, erakundeak agiri batean azaldu duenez.
“Iruzur fiskalaren aurkako ekintzak Foru Gobernuaren eta Ogasunaren lehentasuna” direla ziurtatu du Jabier Larrañaga Haziendako diputatuak agirian. “Kasu zehatz honi dagokionez –Realaren auziari erreferentzia eginez- ohiko ikerketa prozedurak abian jarri dituzte dagoeneko”, erantsi duenez.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, ikertzen
Era berean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerbidea hastea erabaki du, ‘Panamako paperak’ ikertzeko.
Mossack-Fonseca bulegoaren bidez ustez egindako diru zuritzea argitu nahi du Javier Zaragozak zuzentzen duen erakundeak.
Gertakariak argitu eta beste delitu batzuk izan badira zehaztu nahi du Fiskaltzak, eta baita arduradunak identifikatu ere.
Bestalde, atzerrian egindako delituak Espainiako epaitegiek ebazteko baldintzak ematen diren jakin nahi du Fiskaltzak.
du Fiskaltzak. du Fiskaltzak.