Itxi

Osasun turismoa

Transplanteak lortzeko iruzurra atzeman dute Gizarte Segurantzan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kontratu faltsuak aurkeztuta, dialisi tratamendua jaso zuten Bulgariako 14 herritarrek, eta horietatik seik giltzurrun berri bat lortu zuten.

Giltzurrun transplanteak lortzeko, kontratu faltsuak baliatu zituzten Bulgariako herritar batzuen iruzurra atzeman du Guardia Zibilak. Espainiako Estatuan kontratu baten jabe izanda, dialisi tratamendua edota giltzurrun transplantea lortzeko eskubidea jaso zuten Bulgariako hainbat herritarren kasua aztertu zuten agenteek.

'Renibus' izeneko operazioa 2015 hasieran abiatu zuen Guardia Zibilak. Ordudanik, kontratu faltsu bat tarteko, dialisi tratamendua edota giltzurrun berri bat jaso zuten 14 bulgariarren iruzurra atzeman dute (horietatik seik transplantea lortu zuten). Guztira, 20 lagun ikertu dituzte.

Espainiako Transplanteen Erakundeak "ezohizko" transplante kopurua atzeman zuen Bulgariako herritarren artean, eta hura ikertzeko eskatu zuen.  Gerora egiaztatu zutenez, lehendabizi, hemodialisi tratamendua eskatzera joan ziren bulgariarrok osasun-etxera, eta itxaron-zerrendetan jarraitzeko, kontratu faltsuak aurkeztu zituzten.

Iruzur honen atzean ez dago gaizkile sarerik, Guardia Zibilak zehaztu duenez. Bulgariara transplantea eginda itzultzen ziren herrikideek kontatuta edota Bulgariako hedabideetan kasuen berri izanda, iruzurra egitea erabaki zuten beste batzuek ere.

"Osasun turismoaren baitan dagoen operazioa da honakoa", esan du Rafael Matesanz Espainiako Transplanteen Erakundeko zuzendariak.