Itxi

Haustura hidraulikoa

Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi du fracking legea

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak 15 egun ditu orain Mariano Rajoyren jarduneko gobernuak apirilaren 8an aurkeztutako helegiteari alegazioak egiteko.

Fracking EiTB.

Auzitegi Konstituzionalak kautelaz bertan behera utzi ditu EAEko fracking legearen hainbat artikulu. Haustura hidraulikoaren aurrean ingurumena babesteko neurriak jasotzen ditu Eusko Jaurlaritzaren arauak.

EAEko fracking legearen hainbat artikuluren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea onartu du Auzitegi Konstituzionalak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan jakitera eman duenez.

Euskal legearen hirugarren eta bosgarren artikuluak, oso-osorik, eta bigarren eta seigarren artikuluen zati bat utzi ditu bertan behera. Era berean, lehen eta bigarren xedapen iragankorrak baliogabetu ditu Auzitegi Konstituzionalak.

Eusko Jaurlaritzak 15 egun ditu orain Mariano Rajoyren jarduneko gobernuak apirilaren 8an jarritako helegiteari alegazioak aurkezteko. Euskadirekin negoziazioak porrot egin eta Estatu Kontseiluak oinarri juridiko nahikoak zeudela esan ondoren, legea auzitara eramatea erabaki zuen Espainiako Gobernuak.

EAEko legea 2015ean onartu zuten. Ezaugarri geologikoak edo sozioekonomikoak, ingurumena eta paisaia arriskuan daudenean haustura hidraulikoa galarazteko aukera ematen die Euskadiko legeak bertako administrazioei.

Antzeko kasu batean, Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi zituen Errioxako eta Kantabriako legeak. Bi erkidego horiek frackinga debekatu zuten. EAEko legearen kasuan, doktrina bera erabiliko dutela ematen du.

 

Albisteak (3)