Iruñerria
Barañaingo festetan ez da bigantxarik izango
EITB.EUS
Udalak antolatutako kontsultan parte hartu duten herritarren % 73 ikuskizunaren kontra azaldu dira.
Herriko festetan bigantxarik ez edukitzea erabaki dute Barañaingo bizilagunek (Nafarroa). Udalak galdeketa antolatu zuen herritarrek ikuskizun honen inguruan zuten iritzia jakiteko. "Garestia" izaki, betizuak askatzeko aurrekontua (15.000 euro) beste ekitaldi batzuetara bideratzeko beharra ikusten ote zuten jakin nahi zuen.
Udalak emandako datuen arabera, galdeketan parte hartu duten 1.907 bizilagunetatik 1.398k (% 73) kontra bozkatu dute. 499 lagunek bigantxak edukitzearen alde egin zuten.
Oihaneder Indakoetxea Barañaingo alkatea pozik agertu da galdeketarekin, eta "historikotzat" jo du.
Kontsultaren emaitzak errespetatuko zituela agindu zuen Udalak, eta, horrenbestez, dirutza beste ekitaldi batzuk antolatzeko erabiliko ditu.
Datorren astean Uhartek hartuko dio lekukoa Barañaini. Han ere bigantxen inguruko galdeketa antolatu du Udalak, maiatzaren 9tik 14ra bozkatu ahalko dute herritarrek. Uharteko Udalak iragarri duenez, emaitza loteslea izateko % 20ko parte hartzea egon beharko da.