Itxi

Ollerieta

'Los Pichis' taldea indargabetu duela esan du Bilboko Udalak

Radio Euskadi | EITB.EUS

Udalaren arabera, Udaltzaingoak egindako operazio batean lortu dute taldea desegitea, hainbat hilabetetan Ollerieta auzoan alarma piztu duen taldea gelditzea.

Bilboko Ollerieta auzoko segurtasun eta bizikidetza gatazkak ez du etenik. Arratsaldeko zazpietan Delinkuentziaren aurkako Plataformako kideek elkarretaratzea egingo dute Arriaga antzokiaren parean, epe motzean irtenbidean eskatzeko.

Bien bitartean, Bilboko Udalak berretsi du beste erakunde batzuekin elkarlanean jarraitzen duela arazoari irtenbidea emateko. Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak agerraldia egin du gaur goizean eta esan du "Los Pichis" delako taldea indargabetu dutela. Azaldu duenez, Udaltzaingoak duela hilabete, apirilaren 20an, atxilotu zituen ustez talde hori osatzen zuten familia bereko lau kideak.

Atxilotuetako bi adingabeak dira, eta erreforma zentro batean daude, neurri judizialak betetzeko; 18 urteko bat espetxeratu egin zuten epailearen aurretik igaro ostean; eta beste adingabe bat familiaren zaintzapean dago, Ollerieta auzotik kanpo.

Era berean, sei zaintza kamera jartzea erabaki dute, eta auzoan segurtasuna bermatzeko elkarlanean ari dira Ertzaintzarekin. Gainera, gatazkatsutzat jotzen zen familiaren etxebizitzak eta lokalak itxi dituzte, liskarrak saiheste aldera, bizilagunen salaketetan oinarrituta.

Hala eta guztiz ere, Del Hierrok azpimarratu du "auzoko gatazka bat" dela eta "bi ikuspegitik kudeatu behar dela, komunitatetik eta familiatik". Horren harira, erakundeek familia horretako txikienak "bazterkeriatik eta delinkuentziatik" ateratzeko lan egingo dutela esan du.