Itxi

'ESAKO 8ak'

'Esako zortziek' ukatu egin dute guardia zibilei eraso izana

AGENTZIAK | ERREDAZKIOA

Leer en Castellano

Esako urtegia handitzearen aurka izandako istiluengatik inputatu zituzten duela ia 4 urte, baina akusatuek errugabeak direla defendatu dute epaiketan.

Inputatuetako lau, epaiketan. EFE

Esako (Nafarroa) urtegia handitzearen aurka egindako protesta batean hainbat guardia zibili erasotzea egotzita auzipetutako zortzi pertsonek ukatu egin dituzte akusazioak, eta euren buruak defendatu zituztela argudiatu dute.

Protesta 2012ko urriaren 10ean egin zuten, Artiedako (Zaragoza) errepide batean. Egun horretan, ehun pertsona inguruk elkarretaratzea egin zuten, Esako urtegia handitzeko Aragoiko herri horretan egingo zituzten desjabetzeak salatzeko.

Gaur, epaiketa hasi dute Zaragozako epaitegietan, eta akusatuek deklaratu dute Guardia Zibilak ez ziela ohartarazi errepidea hustuko zuela. Horregatik, agenteak oldartu zirenean, auzipetuek esan dute euren buruak defendatu zituztela, “senez”, “kolpeak gelditzeko”.

Hain zuzen ere, hauek dira zortzi akusatuak: Jorge Luis Bail, Alex Ubieto, Javier Lopez, Oscar Ara Ripalda, Sergio Palacin, Jesus Maria Royo, Arriel Dominguez y Miguel Angel Palacin.

Fiskaltzak bi eta sei urte arteko espetxe zigorrak eta 22.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu auzipetuen aurka, agintarien kontra atentatua egitea, lesioak eragitea eta desordena publikoak leporatuta.

Ministerio Publikoaren esanetan, guardia zibilek hirutan ohartarazi zuten errepidea hustuko zutela, akusatuek kolpeak eman zizkietela, eta bati arma lapurtzen saiatu zirela.

Defentsek, baina, ukatu egin dituzte akusazioak, eta auzipetuak elkarretaratzea egiteko eskubide konstituzionala egikaritzen ari zirela esan dute. Gainera, manifestariei erasotzea egotzi diete agenteei.

Nafarroako Parlamentuaren babesa

Epaiketaren hasiera dela eta, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du, “protesta baketsua” egiteko eskubidea aldarrikatzeko.

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E) onartu dute ebazpena. UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute, eta PSNk adierazpenaren hiru puntuetako lehena baino ez du babestu. Beste bien bozketan abstenitu egin da.

Testuaren lehen puntuan, Ganberak desadostasunak izateko eta protesta baketsuak egiteko eskubidea aldarrikatu du, “funtsezkoa baita gizarte demokratikoa eta anitza eraikitzeko”.

Bigarrenean, Guardia Zibilaren jokaera “bortitza” izan zela deitoratu dute, eta, hirugarrenean, “elkartasuna” adierazi diete inputatuei, eta horiek “absolbitzea” eskatu dute.

Albisteak (1)