Itxi

Zika

Zikaren birusa sexu bidez ez kutsatzeko aholku sorta eman du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hala, gaixotasunak jotako herrialde batetik itzultzen direnei zortzi astez sexu segurua izateko gomendatu die Munduko Osasun Erakundeak (MOE).

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) berritu egin ditu Zikaren birusa sexu bidez kutsatzea saihesteko gomendioak. Horien arabera, zika dagoen herrialde batetik itzultzen direnei zortzi astez sexu segurua (preserbatiboa erabiltzea) edo abstinentzia aholkatu die. "Badaezpadako epea" lau hilabetekoa izatea gomendatu dute orain arte.

Halaber, haurdun geratu baino lehen, zikak jotako herrialdeetan bizi diren edo egon diren emakumeei eta bikoteei gutxienez sei hilabetez itxaroteko gomendatu die, baldin eta gizonak birusaren sintomak eduki baditu. Izan ere, sei hilabete iraun dezake birusak gizonezkoen hazian, eta gaixotasuna sexu bidez kutsa daiteke epe horretan.

Iaztik Brasilen nabarmen ugaritu diren haurren mikrozefalia kasuekin lotu dute Zikaren birusa, baita Hego Amerikako bizilagun askori atzemandako desordena neurologikoak ere.

Abuztuan egingo dira Olinpiar Jokoak Brasilen, eta Zikaren birusa hedatzeko kezka zabaldu da azkenaldian. Dena dela, hitzordua atzeratzeko edo beste leku batera eramateko arrazoirik ez dagoela uste du Munduko Osasun Erakundeak.

Albisteak (3)