Osasuna
Tuberkulosi agerraldi bat atzeman dute EHUren Leioako campusean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru ikasle gaixotu dira, Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez. Haiekin harremanetan izan diren pertsonei neurri profilaktikoak ezarriko dizkiete.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu du tuberkulosi agerraldi bat atzeman dutela EHUren Leioako (Bizkaia) campusean, eta hiru ikasle gaixotu direla.
Darponek prentsaurrekoa eskaini du Donostian, Miren Dorronsoro Osasun Publikoko zuzendariarekin batera. Azken horrek gogorarazi du iaz ere "agerraldi txikiren bat" izan zela familia batzuetan, eta "ia urtero baten bat" dagoela.
Sailburuaren esanetan, orain gaixotutako hiru ikasleak "osasuntsu" zeuden, eta "zalantza" nagusia haiekin harremanetan izan diren pertsonen kopurua da. Horiei guztiei neurri profilaktikoak ezarriko dizkiete, behar izanez gero, sei hilabetez.
Nolanahi ere, Jaurlaritzak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du: "gaixotasun kutsakor gehienak sendatu egiten dira".
Halaber, Dorronsorok gaineratu du profilaxia jasotzen duten pertsonen kasuan "ia bizi osorako" desagertzen direla gaixotasun tuberkulosoa izateko probabilitateak.