Itxi

Iñigo Cabacas auzia

Ertzainak: 'Iñigo Cabacasi tiro egin zion agentea ez dute ikertu'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ikerketapean dauden hiru ertzainek esan dute eurek ez ziotela Iñigo Cabacasi tiro egin eta egun hartan eskopetak zeramatzaten agenteak deklaratzera deitu ez dituztela salatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Cabacasen heriotzagatik ikerketa judizialpean dauden hiru ertzainek esan dute Athletico jarraitzaileari tiro egin zion agentea ez dutela ikertu ere egin.

2012ko apirilaren 5ean, Athleticek partida bat irabazi zuela ospatzen ari zela, Iñigok Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada baten kolpea jaso zuen buruan. Egun batzuk geroago ospitalean hil zen.

El Correo egunkariak elkarrizketa egin die ikerketapean dauden eta egun hartan tiro egin zutela onartu duten hiru ertzainei. Guztira, zazpi agentek egin zutela tiro azaldu dute. Beraz, gainerako agenteek deklarazioa egiterakoan “gezurra” esan zutela eta auzi honetan “isilik egoteko itun bat” dagoela salatu dute.

“Heriotza eragin zion tiroa egin zuen agentea ikertu ere ez dute egin. Eskopetak zeramatzaten agenteak deklaratzera ere ez dituzte deitu”, adierazi dute.

Gainera, hiru ertzainek uste dute Segurtasun Sailak, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak jomugan jarri dituztela eta ez dutela behar beste egin Cabacasi “heriotza eragin zion tiroa nork egin zuen jakiteko”. “Lasai-lasai joango da”, erantsi dute erantzuleari buruz.

Hiru agenteek azpimarratu dute ziur daudela eurak ez zutela Cabacasen heriotza eragin. Ildo horretan, gogora ekarri dute tiro egin zen inguru berean beste agente batzuk ere bazeudela eskopetekin.

Gau hartan “ondo” jardun zutela eta “aginduak bete” zituztela berretsi dute.

Epailearen erabakia

Bestalde, Iñigo Cabacas auziaren instrukzio fasea datorren astelehenean amaituko da. Ikerketa judizialpean dauden sei ertzainetatik hiruk soilik aitortu dute gau hartan gomazko pilotak jaurti zituztela. Hirurak Ertzaintzako bitarteko buruzagiak dira.

Cabacas familiaren abokatuak ikerketa zabaltzea eta polizia-operazio hura koordinatu zuen Ertzaintzako buruzagia ikertzeko eskatu du.

Hori dela eta, astelehenean auzia ikertzen jarraitzea edo artxibatzea erabakiko du epaileak.

Albisteak (2)

Bideoak (1)