Leioa
Zazpi dira jada EHUko tuberkulosi agerraldiak kutsatutakoak
agentziak | erredakzioa
Horietako bost unibertsitateko ikasleak dira, beste kutsatuen “lagunak edo ezagunak”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EHUren Leioako campusean atzemandako tuberkulosi agerraldiaren ondorioz kutsatu diren pertsonak zazpi dira dagoeneko; zentroko ikasleak dira horietako bost, eta beste biak, kutsatutako horien "lagunak edo ezagunak".
Miren Dorronsoro Osasun Publikorako zuzendariak eta Enrique Peiro Osasun Publikorako Programen koordinatzaileak abian jarri dituzten protokoloak eta ekintzak azaldu dituzte Gasteizen emandako prentsaurrekoan.
Kutsatutako ikasleak hiru zirela zabaldu zuten hasiera batean, baina beste bi kasu atzeman dituzte 67 ikasleko gela batean; beraz, "ikasgela horretako agerraldian bost kasu zenbatu dira".
Bestalde, lehenengo kutsatuaren erresidentzian bizi ziren 28 ikasleei egindako azterketek negatibo eman omen dute.
Hala ere, ikasgelatik kanpo egindako azterketetan, familian eta lagun taldean, beste bi kasu atzeman dituzte: "lagun bat eta ezagun bat".
Hori horrela, agerraldiarekin lotutako kutsatuak zazpi dira dagoeneko, eta, kasuak agertu ahala, azterketa gehiago egiten jarraitu dute.
Osakidetzak azpimarratu du Osasun Kontseiluaren telefonoak herritarren deiak jasotzeko prest dituztela jada Bizkaian (944203020), Araban (945203020) eta Gipuzkoan (943203020).