Itxi

Gazta txapelketa

Donostiak “World Cheese Awards” ekimena jasoko du azaroan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Mundu osoko 3.000 gazta baino gehiago bilduko dira nazioarteko jaialdi horretan.

Artzai Eguna 2015, Ixidro Sukia gazta.

Donostiak nazioarteko gazta lehiaketarik prestigiotsuena jasoko du azaroan. “World Cheese Awards” ekimenean, 35 herrialdetako 3.000 gazta baino gehiago bilduko dira Gipuzkoako hiriburuan.

Artzai Gaztak antolatu duen ekimena Basque Culinary Center-en izango da, Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du, eta azaroaren 16an inauguratu eta hilaren 18an emango dute bukatutzat.

Epaimahaiari dagokionez, 250 aditu inguru batuko dira, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. Horien ardura izango da lehiaketan parte hartzen duten gazta guztiak dastatzea eta epaitzea.

Era berean, azken egunean bertaratzen diren guztiek gaztak erosteko aukera izango dute bertan.

San Telmo Museoan izango den afari batekin abiatuko dute ekimena, eta, ondoren, sariak banatuko dituzte Tabakaleran. Bigarren eguna, aldiz, gaztetan adituak direnei zuzenduta egongo da. Azken egunean, berriz, publikoari sartzeko aukera emango zaio. Tailerretan parte hartzeko aukera emateaz gain, gaztak dastatzeko aukera izango dute bertan.

Bestalde, ikasleei zuzenduta egongo den lehiaketa gastronomiko bat antolatu dute, euskal gaztak sustatzeko helburuarekin.

Halaber, munduko gaztarik onena aukeratzeko, beste lehiaketa bat egingo da aurreko 28 edizioetako irabazleen artean. Azkenik, artzaintzari buruzko nazioarteko foro bat antolatu dute.