Itxi

Euskal Irrati Telebista

EiTB emititzeko akordioa sinatuko dute hilabeteon Nafarroak eta EAEk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

EiTBren telebista eta irrati zerbitzuak Nafarroan eskaintzeko akordioa bigarren hamabostaldian sinatuko dute.

Nafarroak eta EAEk akordioa sinatuko dute uztailaren bigarren hamabostaldian, EiTBko zerbitzuak (bai telebista, bai irratia) foru erkidegoan eskaini ahal izateko. Txostena asteon onartu dute bi gobernuek.

Akordio horretan hainbat konponbide posible aipatu dituzte Nafarroan ETB emititzeko, hala nola egungo multiplex autonomikoa erabiltzea, beste bat izatea edo tokian tokiko LTD multiplexa oinarri hartzea.

Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, ezaugarri tekniko guztiak memoria tekniko batean jasoko dituzte. Une honetan, Nasertic konpainia publikoa eta EiTB bera ari dira memoria hori diseinatzen.

Halaber, itunaren arabera, EiTBk konpromisoa hartu du Nafarroako errealitate politikoa, soziala eta instituzionala eta lurraldearen ikurrak eta nortasuna "errespetatzeko". Horrenbestez, errealitate hori EAEtik "ezberdinduta" erakutsiko da euskal irrati telebistan.

Era berean, "sentsibilitate politiko eta ideologiko guztiak" errespetatuko dira, "iritzi publiko anitza sustatzeko".

Nafarroako Gobernuak adierazi du era horretan "erantzuna" emango dietela behin eta berriro Parlamentuak eta hainbat udalek egindako "eskaerei".

Albisteak (1)