Itxi

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Sexu-erasoen aurkako bilkura deitu dute peñek gaur arratsalderako

EITB.EUS

Zezenketa amaituta, kalejiran joango dira Gazteluko plazara, musikarik gabe eta isilik. Han, gaitzespen agiri bat irakurriko dute, eta hamar minutuko bilkura isila egingo dute.

Joan den astean, Iruñeko Udalaren atarian sexu-erasoen kontra egindako bilkura jendetsua. EFE.

Sanferminetan izandako sexu-erasoak salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Iruñeko peñek gaur arratsalderako Gazteluko plazan.

Zezenketa amaitzen denean, kalejiran joango dira Gazteluko plazara, musikarik gabe eta isilik. Han, gaitzespen agiri bat irakurriko dute, eta 10 minutuko elkarretaratzea egingo dute. Modu horretan, azken egunotan izandako eraso sexisten kontrako jarrera irmoa agertu nahi dute.

Asteburuan hiru lagun atxilotu zituen Foruzaingoak, sexu-erasoak egitea egotzita. Beste pertsona bat, berriz, sexu-erasoak jasan zituen emakume baten bikotekidea kolpatzeagatik atxilotu zuten.

Sanferminetako bigarren egunean, bestalde, bost pertsona atxilotu zituzten, emakume bat bortxatzeagatik. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, espetxean daude bostak.

Nafarroako Gobernuaren gaitzespena

Nafarroako Gobernuak gogor gaitzetsi ditu eraso horiek guztiak. Berdintasunerako Institutuaren bitartez zabaldu duen oharrean, biktimei, familiei eta lagunei elkartasuna adierazi die.

Foru Gobernuaren arabera, "ez dira aparteko jazoerak, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutakoak baizik; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik ezaren agerpenenik ankerrena dira".

Albisteak (3)