Emakumeen aurkako indarkeria
Beste sexu eraso baten ustezko egilea atxilotu dute sanferminetan
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eman du gaur goizaldean izan den erasoaren ustezko egilearen atxiloketaren berri.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur goizean jakinarazi duenez, beste sexu eraso bat izan da goizaldean sanferminetan, eta ustezko egilea atxilotu dute jada.
Asironen esanetan, gizonezko batek ukituak egin dizkio emakume bati taberna batean, eta hura atxilotuta, sanferminak hasi zirenetik jarritako salaketekin lotutako ustezko egileen % 80 atxilotu dituzte.
"Estatuan jaiak bata bestearen atzetik hasten diren honetan, uste dugu une egokia dela hiriek ekimena hartzea, eta Iruñeko Udalak eraso sexisten kontrako borrokaren buru izateko borondatea du", adierazi du.
Hala, "gustura" agertu da Udalaren jarrerak "beste hiri batzuetan eragina" izan duelako. Hala, Bilboko Udala ekarri du gogora, Aste Nagusia hasi aurretik "Iruñeko antzeko kanpaina bat" iragarri duelako dagoeneko sexu erasoei aurre egiteko.
Era berean, Donostiako alkateak ere gutun pertsonala helarazi omen dio, sexu delituen kontra Iruñeko Udalarekin bat egingo duela jakinarazteko.
Joseba Asironek, azkenik, Andaluziako Gobernuaren jarrera txalotu du, "lotsa" agertu duelako uztailaren 7an izandako bortxaketa baten ustezko egileak hangoak direlako, eta "hona etortzen diren andaluziarren % 99,9 pertsona zoragarriak dira eta jaiaz gozatzera etortzen dira", azpimarratu du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.