Ezbeharra
Sute handia izan da Barakaldoko etxebizitza batean
eitb.eus
Sua Santa Teresa plazan dagoen etxebizitza batean sortu da, eta gutxienez 10 pertsona artatu behar izan dituzte horren ondorioz.
Igande honetako arratsalde-gau partean, sute handia piztu da Barakaldoko Santa Teresa plazako 5. atariko lehenengo solairuan. Bertaratu diren larrialdi zerbitzuek (suhiltzailea, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantziak) gutxienez 10 pertsona artatu behar izan dituzte, kea arnastu baitute edota nerbio-krisiak jota baitzeuden. Horietako hiru San Eloy ospitalera eraman dituzte, baina, itxura denez, ez dute ezer larririk.
@BomberosBizkaia fotos del incendio #Barakaldo pic.twitter.com/5yVTg4EaAa
— oscar bascones (@oscarbascones) 17 de julio de 2016
Sua hartu duen pisuko eraikinak zazpi solairu ditu, eta auzotar guztiek utzi behar izan dituzte euren etxeak; guztira, 35 bat familia atera dituzte.
Sutea 21:20 inguruan hasi da, eta suhiltzaileek 22:30erako itzali dituzte garrak, baina bertan geratu dira jardunean, aireztatze-lanekin bukatu arte.
Incendio Barakaldo extinguido y ventilado #bomberos
— Bomberos Bizkaia (@BomberosBizkaia) 17 de julio de 2016
Barakaldoko sutea amatatuta eta aireatuta #suhiltzaileak pic.twitter.com/kyeDo3MkEQ
Oraingoz ez dute ezagutzera eman zer dela-eta piztu den sua.